Kataluniako Errepublikari babesa emateko ekintzak

uriola.eus 2017ko urr. 30a, 10:27

ANC Euskal Herriaren elkarretaratzea

ANC (Assemblea Nacional Catalana) Euskal Herria elkarteak Arriagako Plazan Kataluniako Errepublikari ongi etorria adierazi zion eta Jordien askatasuna eskatu zuen.

Euskal Herriko Kataluniar jatorriko independentistak biltzen dituen ANC Euskal Herria elkarteak larunbatean Arriagako Plazan elkarretaratzea egin zuen Kataluniako Errepublika berriari ongi etorria emateko. Izan ere, barikuan, Kataluniako Parlamentuak Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen eta, adierazpenari babesa emateko eta lortutakoa ospatzeko, Arriagan Bildu ziren.

Ospakizunak aparte, Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren kontra azaldu ziren. Kataluniako Herriaren kontra jotzen duen artikulua bertan behera gelditu dadila eskatu zuten.

Horrez gain, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez berehala espetxetik ateratzea eskatu zuten. Sanchez ANC elkarteko lehendakaria da, Cuixart, berriz, Omnium Culturalekoa. Urriaren 16an Carmen Lamela epaileak Soto del Real espetxera bialdu zituen. Bertan, Jordi Pujol Ferrusola, Ignacio Gonzalez edota Gerardo Diaz Ferran presoak daude, baina beste bi moduloetan bananduta jarraitzen dute.

 

San Mames

ANC Euskal Herria elkateak, elkarretaratzea bukatzean, San Mames zelaiaren inguruan Esteladak banandu zituen. Athletic Bartzelonaren kontra jokatu zuen larunbatean, eta, Kataluniako zelaietan egiten duten antzera, 17. minutuan bandera guztiak ateratzea zen helburua.

Hori dela eta, bai 17. minutuan, bai partida osoan zehar, hainbat estelada ikusi ziren zelaian. 17. minutuaz gain, bere aldean botatzen ziren kornerretan, ohikoa den modura, Iñigo Cabacas Herri Harmailako kideek Esteladak atera zituzten.

 

Deialdia

Bestalde, gaur arratsaldeko 17:00etan Euskal alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek agerraldia egingo dute Abando Hotelean. Bertan, Estatuko Gobernuak martxan jarri duen Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren kontra ekimen bat egingo dutela iragarriko dute.

 

Argazkia: Ecuador Etxea