Domu Santu egunerako ordutegi zabalagoa, bisitarientzako zerbitzua, oinezkoen eta ibilgailuen sarbideei buruzko informazioa, aparkatzeko guneei buruzkoa, eta Udaltzaingoaren laguntza egongo da. Horrez gain, langile gehiago egongo da hilerrietan, bisitariek dituzten zalantzak argitzeko.
Hilerrien ordutegiak
Urriaren 16an hasita, hilerrietako ordutegiak, irekitzeko eta ixteko orduak, zabalagoak dira. Bilboko hilerria 08:00etatik 19:00etara egongo da zabalik urriaren 16tik azaroaren 2ra arte. Deustuko hilerriak ere ordutegi zabalagoa izango du Domu Santu egunean, 18:00etara arte egongo baita zabalik. Azaroaren 2an, ordea, 14:00etan itxiko dute.
Sarrera-irteerak
Oinezkoek sarrera bi izango dituzte Derioko hilerrian: bata, sarrera nagusitik, Txorierri BI 737-Erandio/Larrabetzu errepidetik, eta bestea, Derioko Mungialde etorbideko 15 zenbakiaren paretik, Derioko kiroldegiaren paretik.
Aparkalekuak eta garraio publikoa
Derioko hilerriaren barruan, aparkatzeko gordetako eta egokitutako espazioetan aparkatuko dira ibilgailuak, sarrera nagusiko erdiko gunean. Azaroaren 1ean ezin izango da behin-behinean aparkatu Txorierri BI 737-Erandio/Larrabetzu errepideko bazterbidean, hilerriko perimetro guztian; izan ere, Derioko Udalak behin-behineko lore-saltokiak jartzeko gordetzen du espazio hori.
Ibilgailu partikularrak aparkatzeko zailtasunak egongo direla ikusita, joan-etorriak egiteko garraio publikoa, autobusa edo trena, erabiltzeko gomendioa eman da.
Euskotreneko L3 Kukullaga-Etxebarri/Lezama lineak ordu erditik ordu erdira ematen du zerbitzua 07:30ean hasi eta 22:30era arte, Bilboko Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matikoko geltokietan.
Bestalde, Bizkaibusek hainbat autobus-linea ditu Bilbotik Zamudio/Derion dagoen Bilboko hilerrira. Linea horien ordutegiak eta maiztasunak Bizkaiko Foru Aldundiaren web orrian kontsulta daitezke.
Udaltzaingoaren laguntza
Gaur, azaroak 1, Derioko hilerriaren sarreretan eta irteeretan ibilgailuen zirkulazioa antolatzeko etengabeko zerbitzu berezia emango du Bilboko Udaltzaingoak, hartara segurtasuna bermatu eta arrisku-egoerak saihesteko.
3.000 inkesta
Hobetzen jarraitzeko urriaren 28an eta 29an eta azaroaren 1ean Bilboko hilerrira doazenei inkesta bat luzatuko zaie betetzeko, hain zuzen, egindako hobekuntzen eta jasotako zerbitzuen balorazioa egin dezaten. Horretarako kontratuko diren pertsonek goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera bitartean inkestak banatu eta horien nondik-norakoak azalduko dizkiete bisitariei. 3.000 inkesta banatzeko asmoa dago.