Irrati uhinen artean Bilboko euskal taupada

uriola.eus 2017ko aza. 2a, 13:12

Bilbo Hiria irratiak 20 urte bete ditu aurten. Urtemuga biribila ospatzeko, besteak beste, '20 urtez euskal taupada' diskoa ekoitzi du irratiko lagun musikari beteranoak eta gazteak elkarlanean jarriz.

Kafe Antzokian egindako urteurren jaitxoak Bilbo Hiria irratiaren lagunak bildu zituen astearte gauean. Esatari, kolaboratzaile eta entzuleak, nagusiki.

Ane Zabala Ibaizabal magazineko zuzendariak Galder Perezekin batera gidatu zuen saioa. Sendeja eta Esperantza kaleak, eta zingira eta itxaropena izan zituzten aipagai Bilbo hiriko aldaketak irudikatzeko.

Irratiaren ibilbidea errepasatzeaz, sorreratik gaur egun arte, Isabel Isazelaia eta Jabi Zabala arduratu ziren. Bilbo Hiriaren izaera komunitarioa azpimarratu, FMko frekuentzien sarean lizentzia aldarrikatu, Apolo eta Mieltxo esatariak gogoratu, eta eduki berriekin aurrera jarraitzeko borondatea azaldu zuten. 

20. urte bete eta jai batera ez zuen mugatu nahi irratiko lantaldeak. "Ekarpentxoa" egin nahi zuen, eta '20 urtez euskal taupada' diskoa da ekarpentxo hori Jabi Zabalak azaldu zuenez. Zortzi abestiko bilduma. "Berariaz egindako bertsio eta kolaborazio bereziekin osatua" irratiko lagunen, musikari beterano eta gazteen, elkarketari esker. Batzuk, "bikote ineditoak". Mikel Urdangarin eta Izaro (Egun argian abestian) edota Hedoi Etxarte eta Maisha MC (Soluzioa abestian), esaterako. 

Kafe Antzokiko oholtzan Anje Duhalde, Petti eta Zea Mayseko Aiora eta Pittik diskoaren lagina eta gehigarriren bat edo beste utzi zuten bertaratuen gozamenerako. Azpimarratzekoak Anje 'maisuak' eta 'Berako basurde' Pettik partekatutako Gogaren baitan kantua, Ran Rober Ran abestiaren bertsioarekin Pettik bakarka Manolo Urbietari egindako omenaldia, edota Aiora eta Pittiren Enbata-ren indarra. Eta zeresanik ez, jaiari amaiera emateko, irratiko lantaldeak 20. urteurrenerako egokitutako Gora gu ta gutarrak animotsua: "Aukeran nik irratia / handia bezain txikia / berri zahar, berri berri / ta Bilbora atxikia / ta Bilbora atxikia / aukeran nik irratia". 

 

'20 urtez euskal taupada' diskoa

Erroa argitaletxeak argitaratu du CDa, Josu Zabalaren gidaritzapean. Salgai izango da Bilbo Hiria irratian eta Zenbat Gara elkartearen bulegoan 10 euroko prezioan (dendetan 14 euroko salneurria izango du). Durangoko Azokan ere aurkeztu eta salgai jarriko du Erroa argitaletxeak.

Hau da diskoan bildutako musikariek osatutako bilduma.

  • Ama Euskal Herria (A. Duhalde eta Aire ahizpak)
  • Egun argian (Mikel Urdangarin eta Izaro)
  • Ez da posible (Ruper Ordorika, Rory McLeod)
  • Hondarretik Ondarroara (Zea Mays eta Cris Lizarraga)
  • Sutan nago (Txuma, Petti, Rafa Rueda)
  • Soluzioa (Hedoi Etxarte, Maisha MC)
  • E, lagun (PiLT, J.P. Lohian)
  • Gora gu eta gutarrak (Xabi Aburruzaga eta Bilbo Hiria irratiko lagunak)

[2017-11-02] Bilbo Hiria irratiak 20. urteurren festan ospatu eta diskoa aurkeztu du