Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketaren VIII. edizioa

uriola.eus 2017ko aza. 6a, 11:21

Zinexit film bateko irudia

Zinexitek, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketaren VIII. edizioan, jatorri desberdina baina gai bera jorratzen duten bost film desberdinen estreinaldia eskainiko du, azaroaren 6tik 9ra bitartean.

Zalantzagarria den etorkizun baten bila euren etxeak utzi eta ihes egitera beharturik, gero eta gizaki gehiagok bizi duten bidaia arriskutsuaren eguneroko drama jorratzen dute denek.

Azkuna Zentroko Golem zinemetan (Bilbao Alondegian), 19:30ean izango dira, gai soziala eskaintzen duen zinema erakusketa honetako emanaldiak eta hauen ondoren, ikusle guztiei zuzendutako solasaldiak protagonista eta gonbidatuekin batera. Sarrera nahi duen guztiarentzat dago zabalik eta doan izango dira edukiera bete arte.

Gaur, azaroak 6, inaugurazioa izango da “The good postman” (Postari ona) filmaren estreinaldiarekin. Tonislav Hristov-en zuzendaritzapean Turkiako mugan dagoen den Great Dervent, bulgariar herrixkan kokatzen da filmea.

Bertan, udal hauteskundeak prestatzen ari da. Sarritan siriar errefuxiatuek herrian ematen dute gaua eta horrek egonezina sortzen du biztanleen artean. Mendeetan zehar Ate Handia izenez ezagutua izan den herria, errefuxiatu askok Europara sartzeko erabiltzen duen bide ezatsegina bihurtu da. Herriko bi gizonek,Vesa alkate andre arduragabeari aurre egin eta alkatetzara aurkeztea erabakiko dute. Ivan postaria da hauetako bat, eta arazo sozialei irtenbidea ematen lagunduko duen politika egitea da haren programako gai nagusia. 

Bihar, berriz, "Les sauteurs" (Saltariak) dokumental sarituaren estrenaldia izango da. Maroko iparraldeko kostaldeko Gurugu mendian bizi direnen bizimodu latza erakusten du. Hesia gainditzen saiatzen diren bakoitzean espainiar poliziaren indarkeriari ez ezik, euren ondasun guztiak erretzen dizkieten marokoar poliziena ere aurre egin behar izaten diote.

Dokumental honen zuzendari Moritz Siebert eta Estephan Wagneri, oso berezia den hirugarren bat gehitu zaie, Abou Bakar Sidibe etorkina, zeini zinemagileek kamera bat utzi zioten Europako mugan, euren bidaiaren azken etapan immigranteek bizi duten egoera ikaragarria errealismo handiagoz graba zezan.

Asteazkenean "Marija" filmearen txanda izango da. Alemaniako Dortmund hirian ostatu bateko garbiketa egiten bizirauten duen ukraniar neska gazte batena. Ile-apaindegi bat jartzea da bere ametsa eta horretarako gordetzen du hilabeteko soldataren zati txiki bat, baina badirudi amets horrek porrot egingo duela lanetik kaleratzen dutenean.  Aurrera egin ahal izateko, beti legalak ez diren irtenbideak bilatzera beharturik egongo da Marija. 

Ostegunean, amaiera eguna izanda, programazio bikoitza egongo da. Alde batetik "50 feet from Syria" (Siriatik 15 metrora) dokumentalak ausarta eta eraman handikoa den Hisham Bismar siriar-iparramerikar zirujauari jarraitzen dio, Siriako guda zibileko biktimei laguntzeko, Turkia eta Siriaren arteko mugara egingo duen bidaian zehar.  Skye Fitzgerald-ek zuzendu eta ekoitzi du dokumental hau. 

Beste aldetik, Zinexitek "Zuk" euskal dokumentalaren erabateko estreinaldia aurkeztuko du, zeinek  CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Marítimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dizkigun.

“Krisi migratorio” gisa izendatu eta milaka lagunek sufritzen duten hondamendi humanitarioari aurre egiteko ari diren boluntarioen lana. Unax Blancoren zuzendaritzapean Aitor Gametxoren gidoiarekin egin den dokumental honek, etxeetatik ihes egin behar izan dutenen drama arintzeko euskal erakunde, elkarte edo plataformetako kideak egiten duten lana hartu du erdigune.  Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da dokumentaleko zuzendaria eta zenbait protagonistekin.  

 

Ikasleentzako emanaldiak

Horrez gain, edizio berri honetan, Zinexitek bizikidetzaranzko zinema zuzenduko die ikasleei, irakaskuntzan ere Giza Eskubideak jorratzea helburu duen Zinexit Eskola programaren bitartez. Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila bitarteko ikasleek  “Printze txikia” animaziozko filma ikusi ahalko dute azaroaren 7an, goizeko 10etan Azkuna Zentroko Golem zineman.