Adinekoen inguruko estereotipoak apurtzeko dokumentala

uriola.eus 2017ko aza. 8a, 10:36

Argazkiak: www.irekia.euskadi.eus

Marian Gerrikabeitia kazetariak zuzendu duen ¿A dónde vamos? izeneko film dokumentalak modu zuzenean hainbat adinekoren esperientziak eta lekukotzak jasotzen ditu. Besteak beste, gizartean oso zabalduta dauden adinarekin lotutako zenbait estereotipo apurtzea du xede lan honek. 

Zer da nagusi izatea? Noiz iristen da zahartzaroa? Zer gertatzen da erretiroa hartzerakoan? Berdina al da nagusia ala adinekoa izatea? Zaila ote da lagun berriak egitea? Ez ote naiz aspertuko? Nire gorputza nolakoa izango da? Heriotzari beldurrik izango ote diot? 90 urterekin sexua izatea posible ote da? Galdera guzti horiei erantzuten ahalegintzen dira ¿A dónde vamos? dokumentaleko protagonistek, modu zuzenean, nork bere esperientzia azalduz eta konpartituz. 

Bizitzari buruz pentsatzen jarrita, adinean aurrera egitean pilatzen diren esperientziek jakin-mina piztu zioten Marian Gerrikabeitia kazetariari, eta jakin-minaren ondorioa da dokumentala. Egungo gizartean zahartzaroak duen garrantziari buruz hausnarketa eragin nahi du, jendartea sentsibilizatu, adinari lotutako "oztopoak ezabatzeko".

Gaurkotasun handiko gaia da. Izan ere, "erabateko aldaketan murgilduta dago gure gizartea". Biztanleria-piramidea iraultzeraino. Bizkaian, esaterako, bost pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu. Guztira, 240.000 lagun dira 65 urtetik gorakoak. 

Urrian eta azaroan Bizkaiko udalerri desberdinetan dokumentala ikusteko aukera izan dute. Gaur, azaroak 8, Leioako Magisteritza eta Gizarte Heziketako kanpusean pantailaratuko dute. Bertan, Marian Gerrikabeitia zuzendariak ez ezik, Ellen Dullau protagonistak eta Javier Yanguas zahartzaro aktiboan adituak ere parte hartuko dute emanaldiaren ostean antolatutako zine forumean. 

Dokumentalak Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta ETBren laguntza izan du. 

¿A dónde vamos?

Gidoia, zuzendaritza eta edizioa: Marian Gerrikabeitia.

Ekoizpena: TU & YO Producciones, Maria Vallejo.

Kamera eta errealizazioa: Camilo Sanchez eta Marian Gerrikabeitia.

Audioa: Gorka Diez

Argiztapena: Oier Ituarte.