Red Musulmanas sarearen sustatzaile eta feminismo islamiarraren inguruko nazioarteko kongresuaren zuzendari M. Laure Rodriguez-Quirogak hartuko du hitza gaur 19:30ean La Bolsa eraikinean. Bere hitzaldian, batik bat ezjakintasunaren ondorioz 500 urte luzez elikatu den islamofobia izango du ardatz. Rodriguez-Quirogarekin batera parte hartuko dute Euskadiko Bidaya emakume musulmanen elkarteko Mouna Tajer Dakkak eta Hanane Boukhrisek ere. Euren beldur, estereotipo eta aurreiritziak konpartitu ez ezik Bilbon emakume musulmanen aniztasuna ikusarazteko argazki erakusketa aurkeztuko dute.
Lehenago, 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute Sare Antifaxista eta EHGAM elkarteko kideekin batera naziek judutar komunitatearen aurka 1938an burututako lintxamendua salatzeko. Kristal apurtuen gaua bezala ezagutzen dena gogoratzeko. Azaroaren 9tik 10erako gauan 30.000 judu atxilotu eta kontzentrazio esparruetara eraman zituzten Alemanian eta Austrian. Horregatik hautatu zuten faxismoa, homofobia, arrazakeria eta xenobiaren aurkako nazioarteko egun bezala.
Larunbatean, Bizkaiko SOS Arrazakeria elkartearen 25. urteurreneko jaian Hika Ateneoan bilduko dira elkartekideak. Diotenez, ospakizunean, ez da musika afrikarra, latinoa eta flamenkoa faltako.
Eguneroko bereizkeria
Gaur egun, "oraindik", ijito eta islamiar komunitateak erasotuak dira, besteak beste, Bilbon. Gainera, ijito edo islamiar izate hutsagatik, euren etnia edota migratzaile jatorriagatik, "kontrolak ezartzen dizkiete". Horregatik, eta batik bat emakumeei eragiten dien "eguneroko bereizkeriaren gaia" jorratzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak, bere 25. urtemugan, ijitofobia eta islamofobiari buruzko hainbat ekimen antolatu ditu Matxinadak gorrotoaren aurka lelopean.
Bi egunetan ijito eta islamiar komunitateetako kideak eta zenbait ekintzaile egunerokoan jasan eta gainditu beharreko bereizkeriaren inguruan hausnartzeko bilduko dira, aurre egiteko moduak aurkitu asmoz.
Egungo testuinguruan, ijitoak eta islamiarren aurkako erasoak "egunero gertatzen dira", Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Elena Bezanillaren esanetan. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen du Bezanillak "aurreiritziak desmuntatzeko" guneak sortzea "bestelako ikuspuntu eta bizipenak" jendarteratzeko. Hori dela eta, komunitate horien aniztasuna erakusteko ikuspuntu "hurbilagoa eta osoagoa" eskaintzen ahaleginduko dira jardunaldietako partaideak.
Atzo, osteguna, Jose Heredia Maya ijito aktibistak berak ekoitzitako El amor y la ira "anti dokumentaleko" zati batzuk baliatu zuen guetto-aren historia eta gaur eguna azaltzeko. Ostean, Bilboko Amuge emakume ijitoen elkarteko Tamara Claveria Jimenezek ijitoek ohikoak dituzten bereizkeria bizipenak konpartitu zituen.