Azken hamarkadetan gazteen euskara maila hazi bada ere, erabileraren bilakaera ez da horren nabarmena izan. Hedabideek badute horretan ardura, "adin guztietako gazteengana iristeko bidea esploratzeke baitago", Gaztezulo aldizkariko zuzendari Zuriñe Maguregiren hitzetan. Sare sozialak etengabeko informazio eta aisialdi iturri bilakatu dira nerabeen artean, eta mugikorra da aisialdi honen kontsumorako erabiltzen duten gailua.
Bestalde, hizkuntza erabileraren inguruko ikerketek diotenez, gazteek denbora librean kontsultatzen dituzten edukien artean euskarak ez du ia presentziarik eta gaztelania eta ingelesezko edukien bilaketak, ordea, gora doaz. Horregatik, "belaunaldi berriei egokitutako proiektuak garatzeko premiaren aurrean" Beitu! sortu du Gaztezulo aldizkariko lantaldeak, "gazteek kalitatezko euskarazko edukiak eskainiko dizkien komunikabide digitala".
Ez da aplikazio bat. Teknologia berrietara egokitzen den plataforma digitala da; hilero, izena eman duten gazteek WhatsApp bidez beren mugikorrean jasoko dituzte beraiek kontsumitzen dituzten aisialdi gaiekin lotutako edukiak, hala nola, elkarrizketa labur eta dibertigarriak, bideoak, umorea, sexu eta drogen inguruko kontsultak –modu pribatuan egiteko aukera eta adituek eskainitako zerbitzua–, lehiaketak… Baina beti "modu entretenigarrian eta hizkuntza argia eta zuzena erabiliz".
Kolaboratzaile sare bat osatzeko helburua ere badu Beitu!-k, "gazteek gazteentzat sortutako plataforma izan dadin. Besteak beste, Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak, Mr. Euskaldun ilustratzailea, Xabi Martin iparra.eus proiektutik… gurekin kolaboratzen ari diren gazte hauek primeran asmatu dute publiko gaztearekin konektatzen".
Bestalde, sare sozialen bidez, erabiltzaileek Beitu! osatzeko aukera izango dute, gustuko dituzten edukiak proposatuz. Instagrami esker –@beitu_insta– egunero Beitu!-ren jarraitzaileekin harreman zuzena mantentzeko aukera dute, "euren interesak, iritziak eta zalantzak entzunez, eta norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantenduz". Landutako beste sare sozial bat Spotify da; bertan sortutako zerrendaren bitartez, "euskal musika taldeen aldeko apustua eginez".