Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (Zinebik) bere ateak zabalduko ditu Bilboko Arriaga Antzokian gaur gaueko 20:00etan. Sekzio Ofizialeko lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburren emanaldiarekin eta Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari emango zaion Ohorezko lehen Mikeldiaren entregarekin hasiera emango diote jaialdiari.
Bertan, 62 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioan 24 filme egongo dira ikusgai, dokumentalean 21 eta animazioan, berriz, 17. Horietako seik euskal zinegileek egindakoak dira, eta gaurko jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira.
Euskal zuzendarientzako Zinebin egoteak beraientzako zer suposatzen duen azaldu dute. Egindako lana aurkezteko aukera izatea eta, gainera, etxean, lagun artean egitea ederra izan dela adierazi dute. Violeta Trincado bilbotarraren kasuan oso pozik agertu da bere film laburraren aurkezpenean. Nahiz eta lizenziatura hamaitu berri duen, Sekzio Ofizialean parte hartuko du bere film laburrarekin, eta hain gazte izanda bertan egotea ametsatzat jo du.
Bestalde, hautaketa batzordeko Vanesa Fernandezek aurtengo Zinebiren maila oso altua dela adierazi du, bai jaialdira datozen filmeen artean, baita euskal egileen artean ere. Datorren urtean Zinebiko zuzendaria izango dena emakumeen lana goraipatu du. Gero eta emakume gehiago postu garrantzitsuak hartzen ari direla adierazi du eta, zorionez, naturaltasunez hartzen ari dela ere esan du.