Dokumentala galiziarren immigrazioa Euskal Herrian izan duen eragina jasotzen du. Sortzaileetako bat bere zuzendaria den Davide Cabaleiro dugu, ikus-entzunezkoen inguruko ikasketak egitera Coruñatik Bilbora etorritakoa.
Berak adierazi duenez, "ez nekien hainbeste galiziar hemen zegoenik". Gaur egun Euskal Herrian 50.000 galiziar diren arren, bere garaian 100.000 pertsona izatera heldu zirela azaldu du. "Kopuru hori hazi bat behintzat utzi du, hemengo kulturarekin batzeko".
Lanaren hasierako ideia David Cabaleirorena izan zen arren, Zirriborro eta PixelFilms ekoiztetxeekin elkarlanean egin du. Galiziarren immigrazioaren eragina Euskal Herrian jasotzen du Sitio Distinto lanak eta gizartean errotuta dauden topiko eta aurreiritziak apurtzea du helburu.
Bost urteko lan hau gaur estreinatuko da Zinebin eta Bertako Begiradak atalaren baitan dago kokatua. BBK Aretoan emango diren dokumental eta film guztiak bezala, sarrera doan izango da.