Andoni Egaña bertsolaria, Ainhoa Garmendia sopranoa eta Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal musikariak biltzen dituen ikuskizuna Arriaga Antzokian izango da. Bertan, narrazioa, abestiak, bertsolaritza, musika eta proiekzioak egongo dira, eta dena euskaraz.
Izan ere, hitzorduaren asmoa euskal kantutegia zabaltzea da abesti zahar zein modernoak abestuz. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikuslegoaren partaidetza ezinbestekoa izango da. Atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak uztartuko dituzte saioan eta publikoaren partehartzearekin batera, aretoa “herri abesbatza” bilakatzea da helburua.
Ukitu klasikoa izango du egitarauaren lehen atalak, Jose Mari Iparraguirre, Gabriel de Olaizola edota Jesus Guridi bezalako konpositoreen doinuekin. Bigarren atalean, berriz, abesti berriagoak joko dituzte: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Itoiz…
Euskal Herriko kultura arloko hainbat artistek parte hartzen dute ikuskizun honetan haien amets eta diziplinak batuz. Hitzak, doinuak, irudiak eta musikak elkarrekin egongo dira Arriaga Antzokiko eszenatokian. Artista bakoitzak bere arloko lana egingo du, bere mundutik edo uhartetik datorrelako, eta denak batera, ikuskizun horretan bilduz, artxipielago bakarra osatuko dute.