Nahiz eta mende laurdena iragan den, Estitxu "bizirik dago" Franck Dolosor kazetariaren esanetan, eta "bada garaia zor zaion aitortza emateko, iruditan, solasean eta kantuz nola ez".
Dolosorren, hitzetan, Estitxu "hoberenetakoa izan baitzen eta oraindik bizirik baitago askoren bihotzean. Euskal kantu berriaren sortzaile eta kultura berpiztearen eragile nagusienetarik bat izan zen umore handiko artista".
Gaur, 20:00etan, BBK aretora bertaratzen direnek ordubeteko iraupena duen Estitxu dokumentala ikusteko aukera izango dute. Dolosorrenak dira gidoia eta zuzendaritza, eta zelan ez, Estitxurena musika.
Estibaliz Robles Aranguiz Estitxu
Beskoitzen (Lapurdi) sortu zen 1944ko ekainaren 6an, Normandiako desenbarkoaren egunean Munduko Bigarren Gerra garaian. Robles Aranguiz familian 11 haurrideen artean gazteena zen. Bilbon hil zen eritasun batengatik 48 urte besterik ez zituelarik, 1993an.
Estitxu kantari aintzindaria izan zen gitarrarekin bakarlari moduan kantatzen baitzuen euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko sorkuntzak eta kanpoko obrak erdaraz edo euskaratuta musikatzen zituen.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaeran hainbat musika lehiaketa irabazi zituen Bilbo eta Eibarren, adibidez. Ibilaldi oparoa egin zuen ere Venezuela eta Mexikon arrakasta handia lortuz bertako telebista eta kantaldietan. Frantziako telebista saio ospetsuenetan ere behin baino gehiagotan agertu zen euskaraz kantatuz.
Urte batzuen isilaldiaren ondotik taulen gainerat itzultzea erabaki zuen eta kantaldia eskaini zuen Irunen 1993ko otsailean. Egun batzuen buruan Basurtuko erietxean hil zen gaixotasun larri eta luzeak jota.