A-25 testigantzak

Bero dator aurtengoan ere indarkeria matxisten kontrako eguna

Bilboko mugimendu feminista 2017ko aza. 22a, 10:22

Bero dator, eta ez azkenaldian inoiz baino eraso gehiago egon direlako. Kasu desberdinek oihartzun handia izan dutelako akaso. Baten batek barrenak astindu dizkigulako ere izan daiteke... Edonola ere, egunero, edonon bizi dugu indarkeria matxista emakumeok: beroaldi, sumin eta haserre honen benetako arrazoia identifikatuta sentitzen garela da. Erasotutako edozein emakume gu garelako, eta gu erasotuak garenean, beste edozein emakume izan zitekeelako.

Guk hain argi badugu ere, badirudi jendarteak, eta bereziki instituzioek, ez dutela ez ulertzen, ez ikusten.

Beste albo batera begiratu eta entzungor egiten dutela salatu nahi dugu guk. Auzitan jartzen bagaituzte ere, guk elkarri sinisten diogula adierazi nahi dugu, bakoitzaren egia gure egiten dugula. Ukaezina den froga bat dugu horretarako: bakar batek adierazitakoa, milioika emakumek bizi dugula. Bizi dugulako dakigu egia dela.

Azaroaren 25ean, indarkeria matxisten kontrako egunean, indarkeriak asko eta anitzak direla, eta oso modu desberdinetan emakume guztioi eragiten digutela salatzen jarraitu nahi dugu. Indarkeria da etxera itzultzerakoan geure buruak defendatzera garamatzana, indarkeria sexuala gure jaietan, bikoteetan eta haurren kontra ematen diren indarkeria anitzak, enpresetako sexu-jazarpena eta askoz gehiago.

Data seinalatu honetan berdintasunaren alde eta indarkeriaren kontra argazkia atera, baina urteko gainerako egunetan gure kontrako indarkeria sostengatzen duten horiek ere salatu nahi ditugu. Ez dezagun inpunitatea onartu. Instituzioek indarkeria matxistak pairatzen ditugun emakumeak ber-biktimizatzen gaituztela salatzen dugu: gure eskubideak murriztuz auzitegietan, zerbitzu publikoen erabilpena oztopatuz, dagokigun babesa ez bermatuz, gure errelatoak auzitan jarriz, salatzeko urratsa ematen dugunean gu geu epaituz...

Horregatik, azaroaren 25 honetan, indarkeria matxista modu desberdinetan bizi izan duten emakumeen ahotsak ekarri nahi ditugu. Benetako emakumeen benetako testigantzak. Gaur hasi, eta egun bakoitzeko bat. Azaroaren 25a baino lehen, eta eguna pasa ostean ere, guretzako borroka ez baita egun horretan bukatuko. Errealitateak, hitzak eta sentimenduak. Guretzako biluztu dira paper zuri baten aurrean, eta guri dagokigu orain euren egia gure egitea.

Azkenik, azaroaren 25ean, 18:30ean Jesusen Bihotzetik mobilizatzera animatzen zaituztegu.