Iruditzen zaizu ez duzula lurra ukitzen, inguruko guztia nahasia dela. Kontua ez da jada ez zarela fio maite zenuen horretaz, familia bat eraikitzeko aukeratu zenuen horretaz, zure maiteaz, gauero zurekin lo egiten zuenaz. Kontua da pertsona horrek bere desira ustelak asetu zituela zure bizitzako pertsonarik garrantzitsuenarekin. Kontua ez da mozkorturik gidatzen ari zela eta arriskuan jar zezakeela zure bizitzako pertsona garrantzitsuenaren bizia. Kontua da haren bizitza izorratu ahal izan zuela kontzienteki eta borondatez. Nire haurtxoa bortxatzen zuen. Ez da erraza halako gauza bat erotu gabe digeritzea.
Eta, hala ere, min ia fisiko horrek bihurtu zuen benetako. Okadak, kontrolatu ezineko botaka, antsietate-krisiak… Zerbait falta zitzaidala pentsatzen nuen eta bat-batean konturatzen nintzen ez nintzela arnasa hartzen ari. Minak erakutsi dit hau ez dela amesgaizto bat, erakutsi dit nire alaba txikiak kontatu zidana egia dela. Ez naizela inoiz gehiago berdina izango. Ez naizela ama berdina izango, pertsona berdina izango, emakume berdina izango. Munstroa nik neuk sartu nuela etxean, horixe pentsatzen duen emakumea. Aita beste bat balitz, ez bera, nire alaba ez litzateke berdina izango, beraz hori argi izan dut beti. Edonola ere, ezin izan nuen ikusi. Errealitate horretan bizi izan nintzen, nire aurrean gertatu zen eta ez nuen jakin alaba babesten. Hori hala da, eta esaten didate ezin nuela halakorik irudikatu eta ez dudala errudun sentitu behar, baina ni han nengoen.
Nire burua deskubritzen jarraitzen dut, eta beldur naiz. Nire buruak beldurtzen nau orain gehien: nor izan nintzen, non egon nintzen, zer baimendu nuen eta nola utzi nion ni horrelako bihurtzen. Jakin badakit bidaia horrek aurrera jarrai zezakeela ni konturatu gabe, eta beldurtzen nau. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko hamaika hitzalditara joandakoa, hamaika bileretan parte hartutakoa, beti pentsatu nuen, inkontzienteki, beti besteei gertatuko zitzaiela, edo, behinik behin, ez zitzaiola nire moduko norbaiti gertatuko, hain zorteko eta ukiezin sentitzen nintzen halako desgrazien aurrean.
Guztiaren berri jakin genuenean, nirekin hitz egin nahi izan zuen. Behin eta berriro eskatu zidan, eta nire anaia-arrebei eta adiskideei ere bai. Pentsatzen dut konbentzitu nahi ninduela, egun hartan jakin nuena sinetsi ez nezan. Eta ez da harritzekoa halako pertsona handiuste eta enpatia-gaitasunik gabeak halakorik pentsatzea, orotariko arrazoiak eman bainizkion hala pentsatzeko: bere garaian dena barkatzen nion, ni manipulatzen utzi nion, babestu egin nuen eta justifikatu ezin zena justifikatu nuen. Behar aldiro, behar adina. Bera eta bere ongizatea nire buruaren gainetik lehenesten nituela sinesteko arrazoiak eman nizkion. Eta halaxe zen. Nahiz eta, egunez egun, gero eta gehiago isolatu, gero eta gehiago itzali. Baina ez zuen ondo kalkulatu. Nire aurretik ipintzen nuen bera, bai, baina bera ez zen inoiz egongo nire alabaren gainetik (inoiz ez, ez orduan ez orain). Orain badaki hori ez dela sekula gertatuko. Orain badaki. Batzuetan pentsatzen dut elkarrizketa bat dugula edukitzeke. Baina ez du pena merezi.
Oso prozesu konplikatua da. Oso luzea. Eta izugarri mingarria. Inoiz irudikatu gabeko mina. Mina bihotzean, min fisikoa hala ere, arnasa lapurtzen dizuna, ahaztu egiten baituzu arnasa hartu behar duzula bizirik irauteko. Ezerk ez dizu axola, ez jateak, ez lo egiteak. Alaba babestea, hori duzu zeregin bakarra, alabari eskaintzea behar duen segurtasuna, konfiantza, errutina; dena. Zure mundua kaos bihurtu den arren. Eta halaxe egiten duzu, beragatik. Eta esaten dizute indarberrituko zarela, are, berriro maiteminduko zarela. Baina badakizu inoiz. Inoiz. Inoiz. Ez zarela berdina izango. Badakizu zure alabaren aurkako sexu-abusuaren berri izan zenuenean zerbait apurtu zitzaizula barruan eta sekula ez dela atzera itsatsiko. Indarberrituko zara, eta, agian, hobea izango zara, baina sekula ez berdina.
Eta beste emakumeak, beste emakumeak beti. Gutasuna benetako bihurtzen. Ez da lelo bat, zure bizitza salbatzen duena baizik. Adiskide onak, eta esperientzia hori bizi izan duten beste amak. Haiek baino ez dute ulertzen zer-nolako infernuan bizi zaren orain: hasieran justifikatu egiten zara, “nola irudikatuko nuen ba”, eta gero ezin duzu sinetsi zer-nolako pasibotasun ia agresiboa erakusten duten ustez zure alaba babestu nahi duten prozedura judizialetan parte hartzen duten epaitegiek eta organoek. Gero, gorrotoa eta amorrua datozkizu, gizatxar horrek egin duenaren kontzientzia hartzen duzunean.
Eta, orain, halako ariketak egitearen garrantzia sentitzen duzu, hau ezagutzera ematearen eta azaltzearen garrantzia. Izan ere, abusatu adina ama dago. Emakume hautsiak, apurka-apurka beren puskak biltzen dituztenak, edo puska berriak bilatzen, zeren ondotxo dakite erori zitzaizkien zatiak txanpon baten modura urrundu zirela eta ez dituztela inoiz berreskuratuko.
Bat egin behar dugu. Sekretuak zabaldu behar ditugu.
Eta gogoan izan behar dugu, beti, zaila dela sekretu bat argitara ematea, baina are zailagoa dela sekretu bat ezkutuan gordetzea.