Udagoinenko Osterak Bilbon bi ekitaldi prestatu ditu udazken honetarako. Lehenengoa, igandean izan zen, BBK aretoan. Bertan, Kepa Junkeraren eta Sorginak taldearen Maletak ikuskizunaz gozatzeko aukera egon zen. Oraingoa, berriz, Bilbon egingo den bigarren ekitaldia da, eta Kafe Antzokian izango da.
Lehen aipatu bezala, Su Ta Gar taldearen txanda izango da. Eibarreko taldeak 30 urte bete ditu eta ohiko emanaldietara bueltatzea erabaki dute. Beti izan duten zuzeneko indarra berreskuratzera ekin diote, eta Kafe Antzokian oraindik zertarako gai diren erakutsiko dute.
Jo ta Ke, Mari, Nazka edota Etsi gabe bezalako kantak betiko erara entzuteko aukera egongo da Kafe Antzokian. Sarrerak 12 eurotan saldu dituzte, eta gaur emanaldia hasi aurretik 15 eurotan egongo dira. Zuzenekoa gaueko 22:00etan hasiko da.