A-25 testigantzak

Feminismoari esker ulertzen dut egunero-egunero gerran gaudela

Irantzu Varela Urrestizala 2017ko aza. 24a, 08:49

Egunero jasaten dut indarkeria, kontzientzia daukadanez geroztik; hala gertatzen zaigu emakume guztioi.

Hala ere, indarkeriaz erabili ninduten harreman heterosexual bat aipatu ohi dut, izen-abizenak dauzkalako eta garai hartako hamaika gertakari ditudalako erregistratuak: indarkeria dira denak, modu objektiboan eta testuingurua gorabehera.  

Sei urtez bizi izan nintzen torturatzaile, bortxatzaile eta esplotatzaile batekin. Pertsona hori ezezagun bat denean, Stockholm sindromea deitu ohi zaio. Pertsona horrek estimatzen zaituela dioenean, ordea, 'maitasuna'.

Harremanak iraun zuen sei urteetan pilulak hartu nituen, neure kasara, antsietateari eta etengabeko buruko minei aurre egiteko, eta, orain, gaixotasun kroniko bat daukat, sasoi hartan antiinflamatorio gehiegi hartu nituelako. Eta zauri sakon bat egin zidan: horren ondorioz ez naiz gizonekin fio eta beldurra diot maitatzeari. 

Feminismoari esker atera naiz, horri esker ulertu dut hauxe ez zaidala niri gertatu, aitzitik, indarkeria politiko baten bizipen indibiduala dela, eta feminismoari esker ulertzen dut egunero-egunero gerran gaudela, esklabotza-garaian edo apartheid-erregimenean nola, eta gureari 'heteropatriarkatua' esaten zaiola.

Feminismoak babesten nauela iruditzen zait, eta feministak dira nire konplizeak. Ez dut espero gizonen aitortzarik ez errespeturik, ezta behar ere. Beren onespenik gabe bizitzen ikasi dut. Askatasuna esaten zaio horri.