Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian aurten, rock taldeak izan dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa lantzen duten taldeak ere aurkeztu dira. Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeek hartu dute parte lehiaketan. Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako musikariak diren arren, Nafarroako talde bat ere egon da aurten, Berakoa, hain zuzen ere.
Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatzen dute.
Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek. Talde finalistak hautatzeko lanetan aritu diren epaimahaikideek aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.
Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukera. Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.
Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere gaurko finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen. Emanaldi hori ikusten, publikoa eta epaimahaikideak izango dira. Publikoak zuzenean bozkatuko du eta honen emaitza erabakiaren %40a izango da; beste %60a epaimahaiaren iritzia kontutan hartuta erabakiko da.
Zazkel taldea izan zen pasadan lehiako irabazlea eta Santutxuko taldeak izan zuen esperientzia errepikatzea jokoan dago, disko bat grabatzea eta BBK Live jaialdian jotzea.
Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du. Ekitaldia gaur izango da Bilborock aretoan arratsaldeko 20:00etatik aurrera.