'Obabakoak' eta Igor Yebraren 'Zorba el Griego', Fair Saturday ekimenaren barruan

uriola.eus 2017ko aza. 24a, 08:39
'Obabakoak' antzezlaneko aktoreak

Larunbatean, Bilbok Fair Saturday ekimenaren edizio berria hartuko du. Antolatu diren ekimenen artean gaurko Zorba el Griego ikuskizuna eta biharko Obabakoak antzezlana daude. Black Friday egitasmoari aurre egiteko, ekintza kulturalak sustatzea xede du Fair Saturdayk. 

2015ean Bilbon sortu zenetik, Fair Saturday ekimenak mundu osoko hainbat hiritan gizartea kulturaren alde mobilizatzea lortu du azaroaren azken larunbatean. Horretarako, kultur ekitaldi bakoitzaren prezioaren zati bat erakunde eta artista parte hartzaileek aukeratutako kausa sozialera bideratuko dute. Bilbon hainbat dira Fair Saturdayren baitan antolatutako ekimenak. 

Ekimen horien artean Bilbao Arenan gaur izango den Zorba el Griego dugu. Ikuskizun horretarako, Bilboko Udalaren eskutik, 4 sarrera bikoitz eskuratu ditzakezue URIOLAren web gunean. Gaur ostirala, 20:30ean, Bilbao Arenan Igor Yebra dantzaria, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Korala, UPV/EHUko Korala eta Turkish Opera and Ballet lehen aldiz bilduko dituen Zorba, el griego ikusteko aukera egongo da.

Horrez gain, Arriaga Antzokia Fair Saturday dinamikaren barruan ere sartu da. Obabakoak antzezlana euskaraz pasadan hilabetean eman zuten Arriaga Antzokian bertan. Oraingoan, berriz, Calixto Bieitok gidatzen duen antzezlana gaztelaniaz izango da. Bere esanetara, Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoy aktoreek jarraitzen dute.