Lehenengo ekitaldia Deustun izango da. Elorri bertso-eskolak saioa antolatu du ostegunerako. Auzoko Herriko tabernan izango da eta, bertan, Malen Amenabar, Irati Erkizia, Nerea Ibarzabal eta Paule Loizaga bertsolariak egongo dira. Aferak bertso dinamikaren barnean antolatutako ekimen hau gaueko 20:00etan izango du hasiera eta sarrerak doan dira.
Hurrengo ekitaldia, berriz, ostiralean izango da Alde Zaharreko gaztetxean, 7katu gaztetxean alegia. Bertan, bertso afaria antolatu dute, Maialen Akizu, Nahia Ibarzabal eta Txaber Altube izango dira bertsolariak. Sarrerak Errondabiden eta Adaxka tabernan egongo dira salgai, 8 eurotan. Bertso afaria gaueko 21:30ean hasiko da.
Ostiralean ere beste bertso saio bat egongo da, kasu honetan, Txurdinaga auzoan izango da eta arratsaldean, Kirikiño Ikastolan. Urtero egiten duten bezala, Euskararen Eguna ospatzeko, bertso-saioa antolatu dute beste behin ere. Aspaldi Sebas Angoitia irakasleak antolatutako ekimena aurrera jarraitzen du, eta nola ez, Anjel Mari Peñagarikano bertan egongo da.
Ikastola Santutxu auzoan zegoenean hasitako ekimen hau, urtero-urtero ikastolako frontoia betetzen du. Peñagarikanorekin bat, Amets Arzallus, Onintza Enbeitia eta Jone Uria bertsolariak egongo dira. Gai jartzailea, azken urteotan bezala, Santutxuko bertso-eskolako Iker Uribarren izango da. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da Gabriel Aresti kaleko ikastolan, eta sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai ekitalidia hasi arte.
Azkenengoa, berriz, igandean izango da, Alde Zaharrean. Euskararen eguna dela eta, Palanka Euskara Taldeak lagun-arteko bertso bazkaria antolatu du Bilbo Zaharreko plazan. Bertsolariak Amaia Agirre eta Nerea Elustondo izango dira eta bazkarira joateko aldez aurretik izena eman behar da.