Arazo sozialtzat dugu orain indarkeria matxista, eta horri esker argitara atera dira orain arte etxeetan, eskoletan, lantokietan eta komisaldegietan ezkutaturik egon diren errealitate gordin asko. Baina, era berean, badirudi urruntzen ari garela indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik, badirudi urruntzen ari garela gure bizipenetatik, indarkeriak bizitzan eta gorputzean eragin dizkigun ondorioetatik. Indarkeria matxista hortxe dago, egunez egun handiagoak dira zenbakiak, gehiago dira erasotzaileak eta erasotuak. Gehiago dira hitzak.
Torturetan erabilitako indarkeria matxistaz ari bagara, gainera, hain gauza abstraktuaz ari garela dirudi ezen hori bizi izan dugunok desagertu egiten baikara azkenerako. Egia da guk ere ezin izan dugula hitz egin, ez dugula jakin nola hitz egin, ez dugula ikasi nola entzun bestea modu garbian eta susmorik gabe. Indarkeriaz ari garenean, emakumeok errudun ematen dugu beti, beraz zaila da gaiaz hitz egitea.
Zaila da kontatzea nola sentitu zinen gauerdian etxera sartu zitzaizkizun hartan, eta gizonek inguraturik eduki zintuztenean, erdi-biluzik, armak zure aldera destatu eta zutaz barre egin bitartean. Nola sentitu zinen autoan sartu zintuztenean, eta burua estali, eta puta deitu behin eta berriro. Nola sentitu zinen esku bortitz eta ezezagunek gorputza goitik behera ukitu zizutenean indarka, arropa kolpetik kendu eta poltsa buruan ipini zizutenean. Zaila da hauxe kontatzea, bortxaketa-mehatxua egiten zizutenean, azkenean bortxatu edo ez, beste gauza batek beldurtu zintuela: egoera hartan, haiek botere absolutua zutela zure gainean, zigorgabetasun osoa, eta zu guztiz indargabe zeundela.
Zaila da.
Herrialde honetan, emakume aktibistok ez ginen existitzen, eta, ondorioz, torturak jasandako emakumeok ez ginen existitzen. Herrialde honetan denok genekien eta batzuek justifikatu egiten zenuten. Herrialde honetan, jende askok pentsatzen zuen espero izatekoa zela jolas-eremu horretara sartuz gero halakoak pairatu behar izatea. Eta herrialde honetan, azkenik, jende askok eman digun indarrari, inplikazioari eta maitasunari esker, apurka-apurka aurre egin diogu honek guztiak gugan utzi dituen ondorioei. Egia da, zortekoak gara oraindik ere badagoelako halako ardura kolektibo bat bizi garen jendartearen aldera.
Baina esan behar dugu maitasunak ez dituela kalteak erreparatzen. Maitasunak suspertzen gaitu, ibiltzen laguntzen digu, eta baretzen. Baina ez ditu kalteak erreparatzen. Modu ofizialean aitortu behar da gertatu zaiguna. Instituzioek esku hartu behar dute. Behin eta betiko adierazi behar da baietz, funtzionario publikoek ekarri zutela infernua gure bizitzetara. Haiek biluztu, eskuztatu, iraindu, izutu, jo eta bortxatu gintuztela, beren lanpostuaren abaroan. Guri egindako kalteak erreparatu ez ezik, hau guztia beharrezkoa da bizi garen jendartearen oinarri etikoa ezartzeko. Herritarrak seguru eta babesturik sentiarazten dituen jendarte bat eraikitzea ez da zeregin zibiko hutsa. Aitzitik, oinarrizko eginkizuna da, halaxe sustraituko baitira kohesio soziala, elkartasuna eta elkarrekiko konfiantza, eta halaxe bizi ahal izango baikara benetan komunitatean.
Bien bitartean, dudarik ez, gure bizitzak ospatzen jarraituko dugu, berreskuratu ditugun bizitzak bizitzen segituko dugu, geureak izan baitira beti, eta, saiatuta ere, ez baitzizkiguten lapurtu. Jarraituko dugu, gogoz, maitasun handiz, eta ozen barre eginez.
Argazkia: Txefo