Genero eta publiko ezberdinak aintzat hartu dituzte aukeraketa egiterako orduan. Besteak beste, Zine Kontari zikloaren hirugarren edizioan ume zein helduentzako filmak, komedia zein drama, eta fikzioa, animazioa zein dokumentala ikusteko aukera izango dute Campos antzokira bertaratzen direnek abenduaren 15era arte. Pase guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, egunero, azkena ezik; abenduaren 15eko saioa 18:00etan izango da.
"Lehen mailako" egileen lanak direla azpimarratu dute Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionaleko eta SGAE Fundazioko kideek. Maialen Lujanbio, Gregorio Muro, Carlos Zabala, Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, Nagore Aranburu, Jose Maria Goenaga, Jon Garaño, Aitor Arregi, Arantza Ibarra, Aitor Merino edota Amaia Merinorenak, hain zuzen ere.
Emanaldiak doan izango dira, Kupula aretoa bete arte.
Gaurko bi filmak
Betiko Arantza Ibarra ondarrutarrak idatzi eta zuzendutako laburra da. Laguntasuna ardatz duen lanak Mari Luisa Merlo eta Javier Pradera aktoreak ditu protagonista. Zugarramurdiko kobetan errodatu zuten 2013an. Merlok kobazuloaren iluntasunean murgilduta dagoen emakume triste eta depresiboaren papera betetzen du.
Asier eta biok Aitor Merino eta Amaia Merino barañaindarrek idatzi eta zuzendutako dokumentala da, 2013an ekoiztua. Aitor eta Asier Arangurenen arteko adiskidetasun harremanaren bidez, ETAren eta euskal gatazkaren zergatiak azaltzen saiatzen dira zuzendariak. Zeresan ugari eman zuen lanak estreinatu zenean, baita ondoren ere. Kritikaren onespena lortu bazuen ere, eskuin muturreko eta sektore kontserbadoreen gaitzespena ere jaso zuen.
www.gidoi.com/eu/zine-kontari-2017