Euskarazko antzezlanak baino lehen, hitzaldi-solasaldiak antolatuko ditu Arriaga Antzokiak

uriola.eus 2017ko aza. 28a, 10:32

Xabier Monasterio Arriaga Antzokiko Foyerrean 'Obabakoak' antzezlanaren inguruko azalpenak ematen

Xabier Monasterio idazle eta hizkuntzalariak antzezlanaren aurretik, 20 minututan, antzezlanaren nondik norakoak azalduko ditu. Besteak beste, testuingurua, egitura eta taularatzea izango ditu hizketagai. Egitasmo honen helburua "euskarazko antzezlanak bultzatzea eta ikus-entzule euskalduna fidelizatzea" da.  

Euskarazko kultur ekitaldiei "balio erantsia" eman nahi diete Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udalak. Hortaz, antzezlanak euskaraz eskaintzen direnean, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago, hitzaldi-solasaldia egongo da antzezlana ikustera doazenentzat. Hitzaldi-solasaldiek ez dute sarreraren prezioan inolako gainkosturik izango.

Arriaga Antzokiko Foyerrean eskainiko ditu hitzaldi-solasaldiak Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasterio idazle eta hizkuntzalariak. 20 minututan antzezlanaren nondik norakoak azalduko dizkie bertaratzen direnei: testuingurua, egitura, testuinguru soziala, taularatzea, zuzendaritza eta eszenaratzea, betiere ere taula gainean ikusiko dutenaren "aperitibo moduan".

 

Urrian hasita

Ekimen hau urrian jarri zen abian lehenengoz, Giltzadun Etxea antzezlanean eta Obabakoak euskaraz estreinatu zirenean.

Hitzaldi-solasaldietarako prestatzen diren fitxa didaktikoak Bilboko ikastetxeetara bidaliko dira antzezlana ikustera joan aurretik gelan lantzeko.