Abenduaren 8an hasi eta 17an bukatuko da aurtengo Bilbao Mendi Film jaialdia. Bilboko Zabalgune eraikinean egin den aurkezpenean, babesle nagusiek eta Mendi Film jaialdiko ordezkariek aurkeztu dute 10. edizioa.
Emakumeek protagonismo handia izango dute zinemaldiko lehen egunetan. Catherine Destivellek, Lynn Hillek, Josune Bereziartuk eta Edurne Pasabanek, mahai inguruetarako gidari eta solaskide honek izango dituzte: Bernadette McDonald best seller idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkariko editorea, Lara Izagirre zinemagilea, edota Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria.
Gizonezko alpinisten artean, Peter Habeler izango da aurtengo The Walk On Project omendua, abenduaren 16an. Horrez gain, haren inguruko saioan Juanjo San Sebastianekin solasean arituko da eta bere izeneko filma aurkeztuko du Sail Ofizialean. Bestea, Jack Tackle da, bere mendi ibilbidearen errepasoa egingo du Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan, hitzaldi bat eskainiz abenduaren 13an, eta epaimahaiko kidea izango da.
Tackle-ekin batera, Kanadako Banff mendi zinemaldiko zuzendaria, Deb Smytheeta New Yorkeko natura gaien inguruko Wild zinemaldiko zuzendaria eta Nancy Rosenthal izango dira nazioarteko epaimahaikideak. Honei kultura munduko bi euskaldun batuko zaizkie: Jesus Mari Lazkano artista eta Paul Urkijo zinemagilea.
51 filmek osatuko dute 10. edizioko Sail Ofiziala, denetariko gaiak, estiloak eta jarduerak jorratu eta erakusten dituztenak. Horietariko lauk euskaldunak dira: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex, eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon. Euskal protagonistak dituzten beste hiru film ere badaude: A4 in Free Pou Anaiekin, Al otro lado de la cuerda filmako ekoizlea Arkaitz Yurrita da eta baita protagonista ere Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Unai Mendia eta Eneko Cesarrekin batera, eta Jugando a Escalar filman Andoni Esparta da protagonistetako bat.