Gabonetako argiak piztu dituzte

uriola.eus 2017ko aza. 30a, 08:54
Kale Nagusiko argiak

Gabonetako argiak piztearekin bat, hasiera emon diote gabonetako egitarauari. Epe honetan, Bilboko auzoetan adin guztientzako ekintzak egingo dituzte, baina, batez ere, etxeko txikiei lehentasuna emanez.

Atzo arratsaldean, 20:00etan, udaletxeko eraikin nagusitik bertatik, gabonetako argiak piztu zituzten. Argiak piztuta, hirian martxan jarriko den jarduera askoko egitarauari emango zaio hasiera, kaleak girotzeko, alboko herrietako eta lurraldeetako jendea erakartzeko eta herritarren eskura kultura eskaintza zabala jartzeko Gabonetako oporraldia dela eta.

Gaurtik hasita eta urtarrilaren 8ra arte, 1.200.000 LED argik baino gehiagok argituko dituzte hiriko kaleak eta plazak, domekatik egunera, 18:00etatik 22:00etara, eta 23:00etara ostiraletan, larunbatean eta jai bezperetan. Argi horien barnean sartzen da udalak jarritako argiteria, baita Alde Zaharreko, Bilboko Erdialdeko, Errekaldeko, Deustuko, Uribarriko eta Santutxuko dendarien taldeek eta elkarteek kontrataturikoa ere, non udalak argindarra ordaintzeko laguntza emango duen.

Horrela, azken urteetan Bilboko Udalak sustatutako energia-kontsumoa aurrezteko politikari eutsiko zaio. Erabilitako argien % 100 LED tipologiakoak dira, ahalik eta eraginkortasun gehien lortzeko eta argindarraren fakturan kosturik txikiena eragiteko. Gabonetako instalazioak orekaz banatu dira barruti guztietan zehar, kalitatezko apaingarriek eskaintzen duten Gabonetako giro atsegin eta erosoaz gozatu ahal izateko.

Horrez gain, udalak zortzi horma-irudi ere jarri ditu, “Zorionak -B- Bilbao” leloarekin, Juan de Garay kalean, Zabalbiden, Sabino Arana etorbidean, Zumalakarregi etorbidean, Miribillara iristeko sarreran Miraflorestik, Kastrexanan eta Zorrotzan.

Bilbo galaz jantziko da

Berrikuntza legez, jaietan Gabonetako bola bat jarri da Bilboko Udaletxearen aurrean, 6 metro garai eta 6 metroko diametroarekin. Argiztatuta egongo da, eta barrutik ibiltzeko modua izango da. Aukera handia izango da argazkiak ateratzeko eta Gabonetako zorion-emate ezberdina lortzeko, apaingarri original hori markotzat hartuta eta udaletxea atzean dela.

Horrez gain, Campo Volantin pasealekuan, Oteizaren eskulturaren ondoan, jarritako Gabonetako zuhaitza handiagoa izango da, 14 metroraino iritsiko baita. Udalak berak Gabonetako berariazko argiztapena izango du, aurreko urteetan bezala.

Hiriko auzune eta barruti guztietan jarriko dira Gabonetako zuhaitzak jai hauetan. Guztira, 54 zuhaitz jarriko dira, aurreko Gabonetan baino 17 gehiago. Hirian apaindutako zuhaitz guztietatik 16 artifizialak dira, eta gainerako 38ak urte osoan gune naturalean egoten diren eta Gabonetan apaintzen diren espezie naturalak dira.

Olentzeo Gabonetako gure pertsonaia maitatuena da Euskadin, eta hiriko hainbat kaletan irudikatuko da, haren 14 irudi handiren bidez. Merkataritzari keinua egin nahi zaio ekimen horren bidez, dendetan eta establezimenduetan erosteko pizgarria izan dadin eta tokiko merkataritzaren bereizitasuna nabarmenago gelditu dadin, merkataritzaren ikuspegitik garairik garrantzitsuena den sasoian hain zuzen.

Horretarako, azaroaren 29tik abenduaren 26ra, Bilboko Udalak Olentzeroren hamalau irudi jarriko ditu hiriko hamabi zonaldetik banatuta, lelo honekin: “Gabonetan ere betiko saltokietan egingo dituzu erosketarik onenak”.

Jaiegun horietan guztietan, jardueraz beterik egongo dira merkataritza-jarduerarik handiena duten kale eta plaza jendetsuenak. Musikaz eta animazioz beteko da Bilbo abenduaren 9kolarunbatean, herritarrak kalera irten daitezen bultzatu nahian, jai giroaz gozatzeko eta Gabonetako erosketak tokiko dendetan egitera bultzatzeko.

Hiriko auzuneetako eta barrutietako merkataritza-gune nagusietan, guztira, 30 kontzertu izango dira. Larunbatean izango dira, eguerdiko 13:30etik arratsaldeko 19:30era. Musika talde hauen eskutik izango dira kontzertuak: Bilboobillies, Missisipi Queen, Jalapeños, Dani Merino, Perifly, Still Covers, Lupita, Lee Junio, Out Sider, Helen, Erizos, Blues Morning, Recambios Zorroza, Jaimones, Jazz at Five, Baxter, Blues de Luxe, Lee Perk eta Musicbox.

Horrez gain, abenduaren 9an bertan, 12:30etik 14:00etara, kalejira egingo da Alde Zaharreko, Abandoko eta Indautxuko tokirik jendetsuenetan zehar. Merkataritza-gune horietara doazenek kaleko beste animazio batzuk eta askotariko jarduerak gozatu ahal izango dituzte. Hiriko beste erakunde batzuek eta elkarteek antolaturiko jardueretarako laguntza ere eman du Bilboko Udalak.

Bestalde, abenduaren 15ean eta 16an, Gabonerako erosketak girotuko ditu musika koralak. Gabonetako musika-piezak joko dituzten abesbatzen musikak alaituko ditu Bilboko kaleak. Bilboko Udalak, Bilboko Udal Eskola Musikarekin eta Radio Nerviónekin batera, dendei laguntzeko ekimen hau antolatuko du, Bilboko eta auzuneetako merkataritza-guneak dinamizatu nahian, baita jai giro atsegina eta familiartekoa sortzen laguntzeko ere.

Bilboko Udal Musika Eskolako talde koralek, abesbatzek eta “taldeek” hiriko merkataritza-guneak girotuko dituzte 18:30etik 20:00etara, bai abenduaren 15ean –ostirala-, bai 16an –larunbata-. Horrez gain, larunbatean, musikaz eta jai-giroaz gozatu ahal izango da goizez, 12:30etik 14:00etara. Auzo eta merkataritza-gune hauek parte hartuko dute ekimenean: Alde Zaharra, Zorrotza, Abando, Indautxu, Deustu, Rekalde, San Inazio, Ibarrekolanda, Elorrieta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga, Basurtu, Bilbo Zaharra eta Uribarri.

Bilboko Udalak ostalaritzako lokalak ixteko bi ordu gehiago ematea erabaki du, Gabonetako jaiak bezalako jaiegun berezietan. Hala, ostalaritzako lokal guztiei aplikatuko zaie ordutegi luzeagoa, “egunekoak” diren establezimenduei – ordutegi desberdina dute- eta terrazei izan ezik. Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.