Harrapazank gazteentzako programaren TxaloFest ekitaldia

uriola.eus 2017ko abe. 1a, 12:44
Txalofest aurkezpena

Bilborocken egingo den jaiarekin amaiera emango diote Harrapazank 2017ko edizioari. Bertan, Izarren hautsa talentuen eskolan hiruhileko honetan parte hartu duten 60 gazteek egin duten aurrerakuntza ikusiko da. Klikazank gincana birtualaren eta Instagram eta Twitter sare sozialetako selfien lehiaketaren sariak ere banatuko dira.

Horrela amaituko da 2017ko Harrapazank programa. Ehunka gaztek parte hartu dute bertan musikaren, dantzaren edo antzerkiaren munduan duten talentua erakusteko. Izarren Hautsa talentuen eskola eta Klikazank gincana birtuala Harrapazank programaren barruko ekimenak dira, 9-18 urteko gazte bilbotarrei euren gustuko jarduera egokiak eta esperientzia berriak eskaintzen dizkietenak euskaraz.

Harrapazank gazteentzako programaren hamabigarren edizioa izan dugu aurtengoa eta aurreneko aldiz izan du udazkeneko denboraldia. Helburua, berriz, gazteen artean euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzea. Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioak) antolatzen du.

Txalofest Jaia

Abenduaren 2an (zapatua), 19:00etatik aurrera, Bilborocken ospatuko da Harrapazank programaren ikasturte-amaierako jaia.

Bertan, Izarren Hautsa talentuen eskolan parte hartu duten 60 gazteek musikaren, dantzaren eta antzerkiaren munduan euren teknika nola hobetu duten erakutsiko digute. 60 gazte dira, Bilbokoak, 9tik 18 urtera bitartekoak, hiru hilabete euren talentua hobetzen aritu direnak. Programa honen helburua gazte horien talentua hobetzea eta sormena areagotzea da eta Bilborocken egingo den jaian euren aurrerakuntza erakutsiko digute.

Horrez gain, Klikazank lehiaketako sariak banatuko dira Txalofest jaian. Lehiaketa hau Internet bidezko gincana bat izan da, 12 urtetik gorako gazteentzat. Euskara teknologia berrien munduan erabiltzea izan da programa honen helburua. Klikazank lehiaketaren helburua gazteek euskara erabiltzea da sare sozialetan eta Interneten.

Lehiaketa urrian eta azaroan egin da; gazteek lau proba egin behar izan dituzte halako denbora jakinean eta emaitzak posta elektronikoaren bidez bidaltzen ziren. Irabazleek 400 euroko balioa duten sariak jasoko dituzte, teknologia berriekin lotuak denak.

#Dozena1selfie sariak ere banatuko dira. Harrapazank programarekin urte hasieran abian jarri zen selfien lehiaketa da eta hilabete hauetan gazteek selfieak bidali dituzte Harrapazanken sare sozialetara Isntagram eta Twitterren. Irabazleek betaurreko birtualak jasoko dituzte saritzat.

Lehiaketan parte hartzeko, gazteek traola hau erabili dute: #Harrapazank #Dozena1selfie. Guztira hamabi betaurreko birtual banatuko dira, bat hileko. Gainera, argazki irabazleak 2018ko Harrapazank egutegian agertuko dira.

Zapatuko ekitaldiaren aurkezlea Ugaitz Alegria izango da. Izarren Hautsa eskolako irakasleak ere han izango dira: Roberto Tananta, Itziar Ituño, Endika Abella, Garazi Egiguren, María Rivero eta Leire Larrea

Txalofest jaia biribiltzeko fotomatoi bat egongo da parte hartzaileek erabiltzeko eta, hartara, egun horren gomutagarria edukitzeko.Izarren Hautsa lehiaketako parte-hartzaileen emanaldiak grabatu eta bideoklipa egingo da 2018ko Harrapazank programan erakusteko.

Bilborocken egingo den jai honetarako sarrera doakoa da eta aforoa bete arte utziko zaio jendeari sartzen.