Alde Zaharrean, Plaza Barrian, elkartu ziren auzotarrak eguerdian Euskaraz bizi nahi dut pankarta handi batekin. Indautxun zein Errekalden kantuka ibili ziren Euskararen Eguneko partaideak kalez kale eta tabernaz taberna eztarriak berotzen. Gosetzean, bazkaritan batu ziren mahai inguruan. Bazkalostean kantuka jarraitu zuten gehinek giro ezin hobean.
Deustun, azaroaren 23an abiatutako 11 Egun Euskaraz ekimenari amaiera eman zioten Ahobiziek eta Belarriprestek. Jolasak, poteoa, bazkaria eta kontzertuak ez ziren falta izan.
Ekitaldi ofiziala Gasteizen
EAEko erakunde nagusietako ordezkariak Euskararen Eguneko ekitaldian Gasteizen bildu dira. Tartean Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideak ere. Euskara auzolana lelotzat hartuta, adierazpen bateratuan, "euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez" mezua zabaldu dute.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, "euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatzeko beharra" azpimarratu dute, admnistrazioen eta herri ekimenaren arteko auzolanetik beti ere: "Une aproposa da admnistrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko".
Era berean, azaldu duetenez, une aproposa da, "euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan".
Izan ere, aho batez, adostu dute euskarak elkarlan horien guztien premia duela. "Ezinbestez".
Horregatik, konpromisoa hartu dute, "ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunak errespetatuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz", auzolan "guztiz ilusiogarrian" ekitea. Besteak beste, lehen Euskaraldiaren prestaketan.