Miribillako eskola ezagutarazteko dokumentala

uriola.eus 2017ko abe. 4a, 10:25

Miribillako Eskola

Miribillako ikastetxeko gurasoek, 11 Kolore elkartearen eta Bideografik enpresaren laguntzarekin, eskolaren egunerokoa ezagutzera ematen duen dokumental bat ekoitzi dute. Lan honekin auzoko eskolan herrialde desberdinetako ikasleekin nola lan egiten duten erakustea dute helburu.

Miribillako ikastetxea nola dabilen ikusteko eta ezagutzeko, gurasoen elkarteak dokumental bat sortu du. Azken urteetan hainbat jatorri eta kulturako ikasleak hartu ditu ikastetxeak bere geletan, inori ateak itxi gabe. Aniztasun hori adierazteko eta elkarlanean nola lan egiten duten erakusteko Miribilla rules dokumentala ekoitzi dute.

Ikastetxea Ibaiondo barrutian kokatuta dago. Eskola publikoa da, eta Miribilla, San Adrian, San Frantzisko, Zabala eta Zabalburu auzoko umeak hartzen ditu. Aniztasunak aurreiritziak eta beldurrak sortu ditu, eta horiek uxatzeko eta ikastetxeak nola lan egiten duen ezagutarazteko egin dute dokumentala.

Dokumentala IEEPA naiz (Ibaiondo Euskal Eskola Publikoaren Alde) plataformak babestu du, ikastetxeari laguntza eta hedapena emateko. Proiektua aurrera ateratzeko, 11 Koloreren eta Bideografiken laguntza eta ekoizpena eduki dute.

Gaur estreinatuko da dokumentala San Frantziskoko udaltegian, eta gurasoek udaltegira filma ikusteko gonbidapena zabaldu dute.

Gaur, abenduaren 4an izango da, astelehena, Mariaren Bihotzako udaltegian, 18:30ean, sarrera doakoa dela.

 

Argazkia: Google Maps