Ondoen dakien moduan ospatzea erabaki du Aukeran konpainiak bere bi hamarkadako ibilbidea, taula gainean, azken obretako pieza ezagunenei begirada berria proposatuz, Ainhoa Aierberen eta Mixel Ducauren laguntzaz, bata eszena zuzendariaren lanetan eta bestea musika zuzendaritzaz arduratuta, hurrenez hurren. Elkarrekin sustatu dute ikusleak harrituko dituen proposamen eszeniko dotore eta zaindua, Arriaga Antzokian gabonetako oporren ostean, kasik horien amaiera gisa, eszenaratuko dutena, noiz eta urtarrilaren 7an, hain zuzen (19:00etan).
Aukeran 20 urte atzera begirako ikuskizuna da, baina gaurkotutako eta berriztatutako begirada eskaintzen diona konpainiaren azken hiru ikuskizunei: Gernika, Geltokia eta Maurizia. Ehunka emanaldi eta milaka entseguren zein dantzari, zuzendari, tekniko, jostun etabarren arteko talde lanaren isla izango da, bertaratzearekin ahalegin hori guztia txalotu duen publikoaren aurrean gauzatuko dena.
Aukeran dantza konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, tradizionala eta garaikidearen arteko erlazio eta orekan ikertzeko eta sakontzeko ideiarekin egiten du lan. Berezkoa duen kultur identitate aberatsetik abiatuz, eta proposamen artistiko berritzaileetan arakatuz eta tartekatuz egin du bere bidea konpainiak. Esperimentazioaren bidezko eguneratze horretan, ikuskizunak biltzen dituen elementuak, koreografien, musiken, eszenaratzearen, argiztapenaren edota janzkeren berriztatzeak, zerikusi handia izan du.