Kartzelaren gaineko hausnarketa eta eztabaida sozial gehiago

uriola.eus 2017ko abe. 11a, 10:15
Kartzelaz "maiz mintzatu da gure herrian", IPES elkarteko lagunek diotenez, baina gehienetan preso politikoen ikuspegitik, eta ez hainbeste kartzela instituzio gisa aztertuta. Lehenago edo beranduago, kartzelen kudeaketa "bertatik egingo dela jakinik", instituzio honen gaineko hausnarketa eta eztabaida soziala bultzatzea erabaki du IPESek beste behin jardunaldiak antolatuta.

Aurten ere, "kartzelaren inguruko hausnarketarekin jarraitzeko", abenduaren 13tik 16ra hitzaldi, performance, kontzertu, aurkezpen... desberdinak antolatu dituzte IPESeko lagunek Kartzela Kalera izeneko jardunaldien baitan. 

Astezkenean, abenduak 13, Hika Ateneoan (19:00), Resistencia en prisión mahai inguruak hainbat ekimen eta elkartetako ordezkariak bilduko ditu. Ekitaldian Presxs en lucha kanpaina aurkeztuko dute, baita borrokan dauden presoen arteko eta presoen eta kaleko jendearen arteko komunikazio instrumentu izan nahi duen Tokata buletina ere, presoen aldeko Salhaketa elkarteko kideek Erresistentziaren historia labur bat eta espetxeen denuntzia estatu espainolean azalduko dute eta, bukatzeko, Buterfly kantautoreak kontzertua eskainiko du. 

Abenduaren 14an, 7Katu gaztetxean (19:00), Berdintasunak zigor-botere eta botere patriarkala. Feminismotik alternatibak aztertuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Zuzenbide Penaleko irakasle eta Salhaketako kide Paz Francesek, Emakumea eta espetxea gaia sakonduko dute espetxetako emakumeen duintasunaren aldeko diziplina anitzeko Cassandra kolektiboko kideek eta, saioaren amaieran, Mari Trena clown abolizionistaren funtzioa izango da.    

Abenduaren 15an, Esperientzia Gelan (19:00), Espetxea eta kapitalismoa: espetxe pribatuak eta presoen lan eskubideak gaia jorratuko dute hainbat adituk. Besteak beste, Kelsei Mek (Empty Cages Collective) Ingalaterrako espetxeen kontrako borrokaz mintzatuko da, beste gonbidatu bat Zaragozako Espetxeen esklabo kanpainari buruz eta APDHAko ordezkari bat (Asociación Pro Derechos Humanos de Andalucía) Lan espetxean. XXI. mendeko esklabotza? gaiari buruz.   

Abenduaren 16an, Ekoetxean (18:30), Espetxe sistema genero ikuspegitik birpentsatzen: desberdinkeriatik erresistentziara hitzaldia eskainiko du Maria Ruiz antropologoak. Ostean, Carceles Bolleras dokumentalaren estreinaldia izango da.      

 

alkortanerea.wixsite.com/kartzela-kalera