Arriaga Antzokiko Opari Txartela salgai jarri dute

uriola.eus 2017ko abe. 11a, 08:36
Arriagarako Opari Txartela

Arriaga Antzokiak, azken lau urteetako kanpainari berriro ekin eta berriz ere bere Opari Txartela jarri du salgai. Txartel horrek, 2018ko ekainera arteko denboraldi honetako antzerki, musika, opera, dantza… ikuskizunetara merkeago joateko aukera ematen du.

Arriaga Antzokiak errepikatu egiten du, horrela, 2013ko Gabonetako kanpainetan martxan jarri zuen ekimena, eta izandako arrakastaren ondorioz bosgarren urtez jarraian abiarazten dena. Kanpainak helburu berberari eusten dio: ahalik eta pertsona gehien antzokira erakartzea eta harrobia egiten jarraitzea, adiskideak gehituz. 

Opari Txartelaren bi modalitate daude. Batak 40 euroko saldoa du, eta besteak 100 eurokoa. Aukera bietako edozeinek ematen du denboraldi honetarako Arriaga Antzokiko sarrerak erosteko aukera, (saldoa agortu arte). Horrela, erositako sarrerek, lehen unetik %25era hel daitezkeen beherapenak dituzte.

Horrez gain, Opari Txartela duenak beste abantaila bat ere badu. Haren saldoa agortu ondoren, Arriagako Adiskide karneta dohainik lor dezake. Karnet horren titularrak sarrerak beherapenarekin erosten jarraitzeko eskubidea eta bestelako zenbait abantaila izango ditu denboraldi honetan, 2018ko ekainera arte. Opari Txartelaren saldoa amaitu ondoren aipatutako karneta dohainik lortzeko, nahikoa izango da antzokiko Informazio Bulegora hurbiltzea eta Opari Txartela aurkeztea.

 

Baliagarria sarrerak txarteldegian eta Internetez erosteko

Opari Txartelak sarreren prezioan abantailak dituzten eskaintzak ematen ditu, balio osoa amaitu arte (40 edo 100 euro, modalitatearen arabera). Arriaga Antzokiko txarteldegietan erabili daiteke, eta baita on-line egiten den edozein erosketatan ere (www.teatroarriaga.eus). Sarrerak Internetez erosteko, Opari Txartelaren jabeak txartel bakoitzean dagoen kodea sartu beharko du.

Opari Txartela dagoeneko erosi daiteke Informazio Bulegoan edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.