1.000 lagun euskaraz hitz egiten, euskara partekatzea, mahai berean

uriola.eus 2017ko abe. 14a, 09:19

VI. Berbagunea Azkuna Zentroan

Gaur, Berbagunearen 6. edizioan 1.000 lagun inguru elkartuko dira Azkuna Zentroan hainbat mahairen inguruan euskara erabiltzeko eta partekatzeko.

Euskaraz jakin eta hitz egiten dutenen eta euskara ikasten ari diren pertsonen arteko topagunea da Berbagunea, euskaraz hitz egiteko giro lasaian. Gaur, egun osoan zehar, 09:30etik 19:30era, adin eta maila guztietako pertsonak mahai baten inguruan bilduko dira Azkuna Zentroko atrioan euskaraz hitz egiteko zenbait gairi buruz: kultura, kirola, aisialdia, sare sozialak…  

"Bilbon euskara hitz egin dadila nahi dugu", adierazi du gaurko agerraldian Koldo Narbaiza Euskara zinegotziak. Horretarako lehenengo berba beti euskaraz egiteko eskatu die herritarrei Narbaizak. "Horrela beste pertsona batzuei euskaraz elkarrizketa jarraitzeko aukera ematen zaielako". Era berean, Berbagunea egun bakarrean ez geratzeko, zinegotziak Bilboko Udalaren izenean, bilbotarrak "euskaraz bizitzera, lan egitea, erostera..." animatu ditu, "inposizio gabe, modu naturalean". 

 

Antolaketa

Berbagunea egun osoan izango da Azkuna Zentroko atrioan, baina txandaka, eta guztira, 1.000 pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenengo txanda 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 16:00etik 19:30era

Lehenengo txanda bietan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak arituko dira, Bilboko zenbait ikastetxeko partaidetza dugu eta. Ordutegi horretan Bilboko euskaltegietan euskara ikaste dabiltzanak ere egongo dira.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; horretarako, parte-hartzaile bakoitzak triptiko bat jasoko du jorratuko dituzten gaiekin. Mahai bakoitzean pertsona bat egongo da gaia proposatu eta elkarrizketa gidatzeko. Modu atsegina, patxadatsua eta euskaraz izango da.

 

Herritarrak ere gonbidatuta daude

Ekimen honek herritarrentzat zabalik dagoen ekitaldia izan nahi du; hartara, euskaraz dakiten edo ikasten ari diren pertsona guztiak gonbidatzen dira parte hartzera. Ekitaldia doakoa da. Eskatzen den baldintza bakarra euskaraz hitz egitea eta hitz egiteko gogoa edukitzea da. Helburua ondo pasatzea da, euskaraz berba eginda.

Berbagunean parte hartu nahi duten pertsonek izena eman behar dute aurretik, 944162472 telefonoan edota berbagunea@gmail.com helbidean, 12:30-14:00etarako eta 18:00-19:30erako txandetako leku guztiak bete arte. Apuntatuta egon behar da parte hartu ahal izateko.