Urtero legez, goizetik hasiko dira Areatzako jai gunea berotzen. Goizeko 11:00etan emango diote hasiera, eta ordu horretan irekiko da beraien txosna, San Nikolas elizaren aurrean.
Alboan, ekitaldientzako eszenatokia jarriko dute. Bertan, goizean, txalaparta-emanaldia egongo da. Horren ostean, bertsolarien txanda izango da. Maialen Akizu, Garazi Navarro eta Oihana Bartra izango dira aurten bertsolariak, eta Iker Uribarren, berriz, gai-jartzailea.
Goizean, txosnaren atzekaldean, Bilboko Konpartsen egutegiak salgai egongo dira. Horrekin bat, txerrikien eta ortukarien zozketa, eta indabak edo txerrikia dastatzeko aukera egongo da.
Arratsaldean, berriz, musikaren txanda izango da. Aurten, Gora Herria erromeria izango da San Nikolaseko eszenatokian. Lehenengo pasea arratsaldean izango da, 16:00etaik, 18:00etara. Atsedenaldian, lehen aipatutako txerrikien eta ortukarien zozketa egingo dute. Bukatzean, erromeriaren bigarren emanaldia izango da, gaueko 21:00ak arte.
Ordu berdinean, baina Alde Zaharrean, urtero legez, Txakur kalean dagoen Kalderapeko tabernatik hasita, Bilbo Kantariren edizio berri bat antolatu dute. Urtero, gero eta jende gehiago biltzen da tabernan euskal kantak abesteko, eta San Tomas egunari agur esateko.