Beroki gorria & El abrigo rojo. Gabon ipuin bat bezala & Como un cuento de Navidad ikuskizunak izen bera duen album ilustratuan du oinarria. Gerra Zibilaren hasieran, 4.000 umek Ingalaterrara bonbetatik eta tropa frankistengandik ihesi egin zuten bidaia dakar gogora. Patxi Zubizarretaren hitzak eta Yolanda Mosquera artistaren ilustrazioak dituen liburuak Peru Abarka Saria irabazi zuen 2016an.
"Istorio kontatu eta kantatu" bihurtu dute ikuskizuna, "musikatua eta marraztua". Narrazioa eta ilustrazioak musikarekin eta arte eszenikoekin uztartzen dituena.
Gidoia eta kontakizunak, euskaraz eta gaztelaniaz, Patxi Zubizarretarenak dira, eta marrazkiak Yolanda Mosquerarenak. Maddi Oihenartek jarriko dio ahotsa ipuin ilustratuari, Imanol Elizasu & Zariatxok koruetan lagunduta, txelo eta akordeoi musikarekin eta Sahatsa Ramirez dantzariaren partaidetzarekin.
Gaur, abenduaren 14an, 19:30etik aurrera, sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte, Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan.