Igandean ospatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala

uriola.eus 2017ko abe. 15a, 12:45

Bertsolari Txapelketako Finalistak

Amets Arzallus, gaur egungo txapelduna, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Unai Agirre egongo dira lehian, 15.000 bertsozaleen aurrean. Aurten, irabazleari txapela jartzeko arduraduna, Sebastian Lizaso bertsolaria izango da.

Aurkezpena atzo izan zen, BECen. Bertan, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak aipatu bezala, txalorik gabeko aurkezpena izan zen, iganderako gorde dituztelako denak. Igandean, oholtza gainean, zortzi bertsolarik kantatuko dute 15000 bertsozaleen aurrean, goiz eta arratsaldez. Beste behin, Bilbao Exhibition Centrea bertsolaritzaren etxea izango da egun oso batez.

Irailean abiatu zen txapelketa Baigorrin, eta, 13 saioen ostean iritsi da finaleko eguna. Zortzi bertsolari aurrez-aurre, eta egun osoko saioa osatu beharra. Horietatik, bakarrak jantziko du txapela, eta hari saria emango diona, berriz, Sebastian Lizaso izango da. 1986. urtean irabazi zuen Azpeitiako bertsolariak bere txapela, eta aurten, bera izango da saria irabazleari buruan jartzeko arduraduna. Berak adierazi duenez "ez nuen halakorik espero, inondik-inora, baina kriston ilusioarekin eta pozarekin egongo naiz BEC-en Txapela jartzen". 

Goizeko 9:30etan irekiko dituzte BECeko ateak eta egun osoan zehar 450 boluntario arituko dira lanean, dena ongi atera dadin, final-aurrekoetan lan egin den bezala. Iñaki Muruak azaldu duenez, Txapelketa Nagusiak zazpi herrialdeak lotu ditu eta "horrela, herri euskaldunek eta ez hain euskaldunek, bertsozaleek eta ez hain bertsozaleek hartu dute txapelketa. Bestela bertsolaritza nekez ailegatuko zen eremuetara eta jendearenganaino iristeko balio izan du". Horietan guztietan elkarlanean aritu da Bertsozale Elkartea tokian tokiko eragileekin. Bestalde, elkarteko langileenaz ez ezik, ezinbestekoa izan da borondatezko lantaldearen ekarpena, eta hori asko eskertu du. Adibidez, BEC-en, haurtzaindegi zerbitzua egongo da, eta bazkaria 600 pertsonentzat egingo da.

Atzoko agerraldian zortzi finalistak egon ziren, beraien gogoak eta sentsazioak plazaratuz. Lau urtero ospatzen den lehia da, Txapelketa Nagusia, eta horrek dakarren urduritasuna bistakoa da. Amets Arzallus, gaur egungo txapelduna, bere bigarren txapelaren bila igoko da BEC-eko eszenatokira. Aurkezpenean “nire buruaru exijitzen diodana emateko ilusioa badut” adierazi du txapeldunak, gogotsu. Ezin izan du lehiaketetan parte hartu, txapeldunak hurrengo finalean egoteko eskubidea duelako. Baina, nahiz eta besteek baino praktika gutxiago eduki, bere mailan egoteko eta berriz irabazteko gai dela adierazi du.

Apostuei begiratuz, berari irabazteko faborito nagusia, Maialen Lujambio da. Finaleko emakume bakarra izango da berriro, baina orain dela zortzi urteko emaitza errepikatzera datorrela adierazi du; alegia, bere bigarren Txapela eskuratzera dator. “Zaila da igandean izango dugun aldartea esaten. Neurtu ezin den lanbro horretan bakoitzak nahi duen hori egiteko ahalegina egingo dugu, denon artean saio eder bat osatzeko" adierazi du prentsaurrekoan.