Musika beltzaren zaleen eta profesionalen topaketa, Bilbao Black Experience

uriola.eus 2017ko abe. 13a, 09:52

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan abenduaren 14tik 17ra "iraultza kulturala" eragin nahi du Bilbao Black Experience jaialdiaren bigarren edizioak. 

Kontzertu akustikoak, ikastaroak, tailerrak, argazki erakusketak edota film-emanaldiak antolatu dira Bilbao Black Experience jaialdiaren baitan abenduaren 14tik 17ra; batzuk abenduaren 20ra arte. Antolatzaile lanetan jardun dira Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Dendak elkartearekin batera, eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzotarren, merkatarien eta kultur elkarteen laguntzarekin antolatutako ekitaldi honi esker.

Bilborock Aretoa, Berreginen Museoa, Mariaren Bihotza plaza edo Martzana kaia dira topaketarako aukeratu diren eszenatokietako batzuk. Kutsu solidarioa izango du topaketak, izan ere, abenduaren 15ean kontzertu bat eskainiko da eta batzen den dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango zaio.

 

Argazki erakusketa bi aldi berean

Jaialdiaren aurrerapen moduan, San Frantziskoko Udaltegian kultura eta musika beltzari eskainitako lau aldeko erakusketa egingo da. Koldo Orue argazkilariak emakumezkoen ahotsen bost irudi agertuko ditu, emakumeek musika-genero horretan duen ekarpena gogorarazteko; Alex R Cruzek Travelling Brothers taldearen zuzeneko bost argazki jarriko ditu ikusgai; Blaxploitation genero zinematografikoaren kartelen erakusketa ere egingo da; azkenik, Maiatzaren Biko kalean dagoen jazz musikako Mosquito Records diskoetxearen lanen erakusketa ere egingo da. Zabalik egongo da jendearentzat abenduaren 20ra arte.

Gainera, atariko moduan, El 28 (Martzana kaian) izango da abenduaren 20ra arte Soul 4 Real  erakusketaren egoitza. Erakusketa horretan, 1999an sortu zen jaialdi honen 24 edizioetako kartelak eta argazkiak biltzen dira, soul musikarik onenaren estilo eta aldagai guztiak zabaltzeko Bilbon.

 

Kontzertuak, artistak eta musika kalean 

Bilbao Black Experiencen bigarren edizioa abenduaren 14an hasiko da modu ofizialean Coffy filmaren emankizunarekin (Blaxploitation generokoa da), San Frantziskoko Udaltegian, 19:00etan. Bilborock Aretoan, 20:30ean, Shirley Davis & The Silverbacks taldearen kontzertua izango da. Europako soularen divatzat jotzen dute Davis. Azkenik, Kremlin Aretoan (Maiatzaren Bia 18), 00:00etan hasita, Boopers DJn saioa.

Abenduaren 15ean, San Frantsizkoko Udaltegian Blaxploitation generoko funtsezko filma emango da, Larry Cohenen El Padrino Negro, Rod Perry protagonista dela.

Bere aldetik, Bilborock Aretoan egingo da edizio honetako kontzertu solidarioa, 20:30ean hain zuzen, Ogun Afrobeat taldearen eskutik. Estatuko aurreneko banda afrobeat-a, benetako Yoruba kulturakoa. Akim Dimeji Osnas da liderra, Afrikako bateria-jotzailerik onenetakoa bera, eta atal erritmikoa sendoetan eta haizezkoetan oinarritua, zuzeneko jardunean aipatzekoa da Yoruben kulturaren erritmoen erabilera berezia eta funka, diskoa eta soul bezalako beste genero batzuekin egin ohi duen nahastea, betiere Fela Anikulapo Kutiren musikaren muina errespetatuta.

Kontzerturako sarrerak zazpi euro balioko du eta jasotzen den diru guzti-guztia, aurreko edizioan bezala, helburu solidario baterako izango da; aurten Bizkaiko Elikagaien Bankurako. Sarrerak dagoeneko salgai daude eta Bilborock Aretoko txarteldegian eskuratu daitezke, baita Shirley Davis & The Silverbacksen emanaldirako ere, kontzertuaren egunera arte.

Abenduaren 15eko programazioa biribiltzeko, berriro Kremlin Aretoan musika beltzeko Djn saioa; oraingoan Soulclap (Ome Funk + Lourens Lefreak).

Bestalde, abenduaren 16an, kaleek hartuko dute protagonismoa; aurrena Mariaren Bihotza plazan; bertan, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako merkatarien eta enpresen elkarteek antolatu ohi duten azoka txikiaz batera, 11:00etan, Black Experience Binilozko Azokatxoa egingo da, eta 12:00etatik aurrera Amsterdameko Djn taldeak girotuko du azokatxoa.

13:00etatik aurrera, BraZZtet MV Brass Band arituko da auzoak berotuz Jazz & Fusion Musik ikuskizunarekin. Zenbait estilotako (jazza, reggaea, swinga, bugui-buguia, hip-hopa, bossa nova, latina, discoa…) jatorrizko obren eta haizezko, metaleko eta bateria/perkusiorako moldaketen uztarketa da, Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko espazio urbanotan azalduko dena. Aldi berean, BC Roller Dance patinen gaineko disko dantzako talde kataluniarra arituko da; biek ala biek amaituko dute euren ibilbidea Mariaren Bihotza plazan.

Arratsaldez, eta Gau Irekia 2017 programaren barruan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetarako programatutako jarduerekin bat eginda, zenbait ekitaldi gauzatuko dira jaialdi honen barruan.

San Rafael Goiaingeruaren elizan kantu espiritualak Gospel Bilbaoren eskutik –2012an sortutako proiektua gospel generoaren espiritua bultzatzeko eta hurbiltzeko- 19:00etan, eta Bilboko Berreginen Museoan  Soula Alain Conception & Soul Menen eskutik, 20:00etatik aurrera. 

Gaua amaitzeko Hostel BCool Bilbaon Los Detractors hirukotearen emanaldia 22:00etan.

Amaitzeko, abenduaren 17an jaialdia Bilbo Zaharretik, San Frantziskotik eta Zabalatik kanpo aterako da jarduera osagarri bi eskaintzeko: Portugaleteko Gran Hotel Puente Colgante hotelean, 12:00etatik aurrera Bilbao Black Experience meets Vinilo Superssesions (La Nobleza DJ´s + Friends) eta Itsas Museoko 9. nabean Motown in Botxotown. Supersonic Syndicate, 13:30ean.