Arriaga Antzokiak denboraldiko estreinaldi handienetako batekin emango dio amaiera 2017. urteari. Izar-Estrella da, Marie de Jongh konpainiaren lan berria, Jokin Oregik zuzendutakoa. Ekoizpen lan hau Amour aurreko antzezlanaren ondoren dator, Arriaga Antzokiarekin ekoiztu zen eta bertako eszenatokian estreinatu zena. Antzezlan horren fruituak ikus-entzuleen eta kritikaren aintzatespen gisa heldu ziren, eta baita sari handi gisa ere, Haurrei edo Familia osoari zuzendutako Ikuskizun Hoberenaren MAX 2017 Saria, batez ere. Amour lanak Ikuskizun Hoberenaren FETEN 2016 Saria ere jaso zuen, eta baita Euskal Ekoizpen Lan Hoberenaren ERCILLA 2015 Saria ere. Beraz, ibilbide garrantzitsua duten konpainiari eta zuzendariari buruz ari gara hitz egiten.
Izar-Estrella lanak Amour eta aurreko ikuskizunen ildoa jarraitzen du, hitzik erabiltzen ez duen keinuzko lana eskainiz, komedia eta karga emozional handiko istorioa uztartuz, 7 urtetik gorako ikus-entzuleentzat. Elisa Sanzek bere magia eskaintzen du eszenografia eta jantziak sortzean eta ikuskizunaren ikuspegi orokorrean, antzezlanaren zuzendari artistiko gisa.
Amour laneko antzezle talde berberak hunkituko gaitu izango da Izar-Estrella lanean: Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Meabe eta Ana Martinez. Marie de Jongh konpainiaren aurreko lanean bezala, taldeak maskararen aldeko apustua egiten du. Eta azpimarragarria da, baita ere, Iñaki Salvadorrek idatzitako musikaren pisua. Guztiek elkarrekin ematen diote bizia Izar-Estrella lanari, umeek eta nagusiek elkarrekin gozatzeko antzezlana, emozioak eta gogoetak, zalantzak eta egiak konpartitzeko topaleku gisa ulertutako antzerkia. Nagusien antzerkia umeentzat eta umeen antzerkia helduentzat.
Sinopsia
Izar, sei urte eskas dituen neskato hauskorra den arren, dagoeneko ospe handiko piano-jole bihurtzeko bidean da. Gurasoek ezarri dioten diziplina zorrotzari esker, neskatilaren trebezia apartekoa da.
Izarrek ez du hazi nahi, pozarren bizi da bere haurtzaro distiratsuan. Baina bizitzak, hain goraberatsu eta ezusteko izaki bihurriak, bestelako patua ekarri dio, ustegabeko labirinto emozionala. Handik aterako bada beste izar baten gidaritza beharko du; ez baina edonolako izarra, itsas-izarra baizik.
Marie de Jongh konpainiari buruz
Marie de Jongh erreferente bilakatu da familia osoari zuzendutako antzerkiaren panoraman. Orain arteko ikuskizun guztiak idatzi eta zuzendu dituen Jokin Oregi zuzendariaren sormenean oinarritutako ukitu bereziarekin, hainbat sari lortu ditu, eta familian zentratutako arte eszeniko konpainia nagusietakoa bilakatu da.
Marie de Jongh konpainiak keinuetan oinarritutako ikuskizunak sortzen ditu; inolako elkarrizketarik gabeak, hizkuntzarekin erlazionatutako edozein oztopo neutralizatzen duen eta antzezlana nazioartera zabaltzeko aukera errazten duen berezitasuna. Kontakizun delikatu, hunkigarri eta zirraragarriek, nagusiek eta txikiek ezagutzen eta miresten duten zigilu propioa eman diote.
Konpainiaren ikuskizunak Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Poloniako, Italiako, Portugalgo, Alemaniako eta Estatu Batuetako eszenatokietatik igaro dira.