Euskaraz lehen berba, San Tomas azokan ere

uriola.eus 2017ko abe. 21a, 09:00

Bilboko Udalak euskara sustatzeko kanpaina bat jarri du abian, herritarrek San Tomas azokan eta uriko kaleetan euskara gehiago erabil dezaten. Edozein elkarrizketan lehenengo berba euskaraz esatea du xede.

Euskaraz dakitenak naturaltasunez euskaraz egitera animatu nahi ditu Bilboko Udalak gaurko egunean. Horretarako, 15 gaztek 30.000 foileto banatuko dituzte Santo Tomas azokan ere… lehenengo berba euskaraz leloarekin Areatzako jai guneko sarbideetan. 

Publizitatea baino gehiago da foiletoa. Izan ere, hainbat hitz modu dibertigarrian ezagutzera eman nahi ditu, gal ez daitezen; esate baterako, hainbat maitasun-esapide (pitxin, laztana, kuttun, bihotza…) edota azokako berbak jasotzen dituen hiztegitxo bat. Foiletoa gordetzeko eta etxera eramateko pentsatuta dago. 2018. urtean ere, euskaldunen lehenengo berba euskaraz egiteko gonbitea luzatzen du foiletoak.  

Udaleko ordezkarien esanetan, "Bilbo uri euskalduna da, eta San Tomas azoka dugu ipar hemisferioko bilbotar gehien biltzen dituen azoka. Bilbotar horiek azokaz gozatuko dute eta euskaraz egin dezaten nahi dugu".

Euskararen Aholku Batzordearen barruan egindako lanaren ondorioz, "euskara kalera ateratzeko ekintza batzuk" antolatzeko erabakia hartu du Bilboko Udalak, baita "hizkuntzaren eguneroko erabileraren beharra azpimarratzeko zenbait ekintza ere, hain zuzen, gizarte elebiduna lortzeko".

Hortik Hirian ere… lehenengo berba euskaraz… ekimena. Bere baitan abian jarritako lehenengoa da San Tomas egunekoa, hots, Santo Tomas Azokan ere… lehenengo berba euskaraz izeneko hau.