Gabonak

Olentzeroren kalejira bihar Bilbotik zehar

uriola.eus 2017ko abe. 22a, 17:14

Bihar, abenduak 23, Olentzeroren Kalejira egingo da Bilbon. Moyua plazatik abiatuko da 17.30ean, eta Bide Nagusitik eta Nafarroa kaletik igaroko da Arriaga antzokira heldu arte.

17:30ean hasiko da Moyua plazan, Olentzeroren agurrarekin. Ondoren, Kale Nagusia zeharkatuko du bilbotarrak agurtuz. Hortik aurrera, plaza Biribiletik eta Nafarroa kaletik Arriaga plazara helduko da. Ohikoa den legez, Olentzero, Mari Domingi eta Basajaun, hurrenez hurren, zurezko Pottoka erraldoi baten, Antzara baten eta Triziklo baten gainean joango dira. Opariz betetako gurdia izango dute ondoan. Hala ere, Antzara ez da aurten bakarrik etorriko; bere familia aurkeztuko digu. Antzara kumeak amaren atzean joango dira eta umeek aukera izango dute kumetxoak ezagutzeko.

Beste nobedade batzuk ere egongo dira. Herriaren izenean, 20 dantzari joango dira Lamiarekin, eta kalejira alaituko dute hasieratik Arraiaga plazara iritsi arte. Giroa sortu eta ikusleak entretenituko dituzte, zuzeneko musikaz lagunduta. Beti bezala, galtzagorriek ere zeregin garrantzitsua izango dute ibilbide osoan. Kaleetan dauden pertsonak agurtu eta Kalejirako irudi eta pertsonaiekin elkar eragingo dute, kolore-, mugimendu- eta argi-efektuekin batera.

Ibilbidean zehar, umeek Olentzerorentzat dituzten eskutitzak jasotzen lagunduko dute galtzagorriek. Bilboko Udalak 20.000 eskutitz baino gehiago banatu ditu Uriko ikastetxe guztietan. Helburua da 3 eta 8 urte bitarteko umeek Olentzerori gutuna idaztea eta kalejiran edota Arriagako 24ko harrera-ekitaldian eskura eman ahal izatea Olentzerori berari.

Olentzeroren segizioan 100 pertsonatik gora joango dira: 80 artista baino gehiago eta 30 pertsona laguntza teknikoa eta logistikoa ematen, bai eta zanpantzarrak, dantzariak, zuzeneko musikariak, fanfarria bat eta bestelako pertsonaiak kalejira osatu eta ondo etorria egiteko ikazkinari.

Arriaga plazara iristean, Olentzeroren musika taldeak 30 minutuko ikuskizuna eskainiko du. Une horretan, Olentzerok eta Mari Domingik Juan Mari Aburto Alkatea eta Itziar Urtasun jaietako zinegotzia agurtuko dituzte. Ondoren, pertsonaia majikoek hitza hartuko dute Arriaga Antzokiko balkoian, bertaratu diren guztiak agurtu eta Bilbora ondo etorria eginez. Ondoren, umeekin batera Olentzeroren eta Mari Domingiren abestiak kantatuko dituzte.

ERROMERIA KALEJIRAREN OSTEAN

Jai-giroa ez da kalejirarekin bukatuko, izan ere, Bilboko Udalak erromeria antolatu du Areatzan, bertaratzen direnek euskal kanta herrikoiak kanta ditzaten. Txosna bat ere jarriko da. Bilboko Udalak jai honekin bat egiteko eta baserritar jantzita joateko gonbitea egin nahi die herritarrei. Kalejira girotu eta ondo pasatzeaz gain, kantatzeko aukera ere izango dute. bertaratzen direnek. “Benta zaharreko mutil alaiak” taldeak girotu ditu bazterrak.

Gainera, jendeak Olentzero eta bere laguntzaileak ahal denik eta ondoen ikus ditzan, Udalak Arriaga Plazaren ondoan pantaila erraldoia jarriko du aurten ere; plazan gertatzen den guztia zuzenean eskainiko du pantailotan. Olentzerok eta Mari Domingik agurra egiteko orduan, zeinu bidezko hizkeraren interpretea egongo da. Abenduaren 24ko harreran ere egongo da eskatzen duten umeentzat.

OLENTZEROK UMEEI HARRERA EGINGO DIE ARRIAGAN

Kalejira amaituta, Olentzerok Arriaga Antzokian emango du gaua atseden hartu eta abenduaren 24ko gaueko lan eskergarako prestatzen. Abenduaren 24an, goizean, 11:00etatik 14:00etara, Olentzerok Arriaga Antzokira bera agurtzera gerturatzen diren ume guztiak hartuko ditu.
Aurten ere, Bilboko Udalak tiketen sistema erabiliko du hurrenkera bermatzeko. Goizeko 10:00etatik aurrera, Areatzan (txurro-dendaren ondoan) etxetxo bat jarriko da Olentzerorekin egon ahal izateko tiketok banatzeko; guztira, 1.500 banatuko dira. Gehienez ere, pertsona bakoitzeko 3 tiket hartu ahal izango dira (horiek umeentzat dira, eurekin doazen helduek ez baitute tiketik behar), sartzeko hurrenkera adieraziko dutenak. Lehenengo 500 zenbakiak dituztenak, Arriagan 11:00etatik 12:00etara sartuko direla estimatzen da; 501etik 1.000raino, 12:00etatik 13:00tara; eta 1.001etik 1.500era 13:00etatik14:00etara.

Arriaga Plazako itxaronaldian neskato-mutikoentzat hainbat jarduera prestatu ditu Udalak. Horretarako, Antzokiaren inguruetan taloa egiten ikasteko tailerra eta aurpegiak makillatzeko tailerra jarriko ditu txikienentzat; Gargantua ere han egongo da. Eta Eidabe taldearen “Txapela buruan eta dantzan munduan” ikuskizuna ere bai.

Abenduaren 24an ere musika eta jai-giroa egongo da Areatzan. Hain zuzen ere, “Ein GO Kantan eta Dantzan” taldeak kolore-ukitua jarriko du txosnan 11:30ean hasi eta 14:00etara bitartean.
Bilboko Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu Gabonetarako, kalitatekoak eta doakoak; helburua da herritar guztiek, adina edozein dela ere, Gabonak ondo pasatzea.

Egitaraua

KALEJIRA

Abenduak 23, zapatua

  • 17:35 h: Olentzeroren agurra, Carlton Hoteleko balkoitik
  • 17:40 h: irteera Moyua plazatik
  • 17:40 - 19:00 h: ibilbidea: Kale Nagusia, Plaza Biribila eta hortik Arriaga Antzokiko plazara.
  • 19:00 h: ikuskizuna Arriaga Antzokiko plazan Olentzeroren musikarien bandaren eskutik.

HARRERA UMEEI

Abenduak 24, domeka

  • 11:00 - 14:00 h : Olentzeroren harrera Arriaga Antzokian.