Akatz taldeak bere 25. urteurrena ospatuko du Kafe Antzokian

uriola.eus 2018ko urt. 5a, 10:03

Akatz Bilboko ska eta reggae taldeak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Kafe Antzokian kontzertu "berezi eta errepikaezina" eskainiko du gaur, urtarrilak 5, hainbat lagun eta zaleren konpainian. 

Akatz, ska eta rocksteady talde bilbotarrak, hogeita bost urte betetzen ditu aurten, hiriko eszenatokietako klasiko bat bihurtu da. Taldea Bakion sortu zen 1992an; lau urteren buruan Bilbon ezarri zuen bere lantokia. Hogeita bost urte hauetan taldea, imitazioz baliatu barik, jamaikar eszenaren erreferentzia bihurtu da.

Akatz taldeak Jamaikako musika hartzen du oinarri, eta, aldi berean, berezkoa den estiloa sortzen du. Ska, rocksteady eta reggaez gain, rhytm and blues, soul, jazz, swing, latin edota brazil bezalako estiloak aurki ditzakegu berarien lanetan.

Urte hauetan guztietan lau diska, bi E.P., bi Maxi, bi single, lau maketa, zenbait bideoklip eta DVD bat argitaratu dituzte, bederatzi bilduma eta laurehun kontzertu baino gehiago eman dituzte Euskal Herrian, Espainian, Mexicon, Alemanian eta Frantzian zehar.

Hain gertakizun berezia ospatzeko, Akatz taldeak paregabeko gaua prestatu du gaurko. Abesti gogoangarri eta klasikoen errepasoa egingo dute bere lagunez eta babeslez inguraturik. Horrez gain, sorpresak antolatzen ari dira, eta publikoaren laguntza eskertuko da taldeari Zorionak zuri abesteko eta belak amatatzeko, urteurren gau zoragarri horri amaiera bikaina emateko.

Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da, Kafe Antzokian. Sarrerak 10 eurotan egongo dira aurre salmentan, eta, egunean bertan, berriz, 12 eurotan jarriko dituzte salgai.