Gabonak

Dickensen ‘Eguberri kanta’ Arriaga Antzokian ikusgai

uriola.eus 2018ko urt. 3a, 09:42

Eguberriko Kanta opera txikia

Aste honetan, Arriaga Antzokian, Charles Dickens idazlearen Eguberri Kanta eleberri laburrean oinarritutako haurrentzako opera eskainiko dute. Familiarteko saioak izango dira eta ordu bateko iraupena izango du.

Arriaga Antzokiak, ABAO-OLBErekin batera, eta Nafarroako Ganbera Operaren laguntzarekin, Charles Dickens idazlearen A Christmas Carol. In Prose. Being a Ghost Story of Christmas lanean oinarritutako opera txikia eskainiko du.

Dickensen ipuin ezagunean oinarritutako haurrentzako opera da hau, eta, bertan, Mr. Scrooge zekenaren istorioa kontatzen du. Gabon-gau izugarri hotz batean, hiru espiritu agertuko zaizkio Mr. Scrooge-ri, espiritu horien bidez irudikatuko direlarik bere iragana, orainaldia eta etorkizuna.

Bisitaldi horren ostean, eta aurrez aurre ikusi ondoren zain dituen bakardadea eta herioa, aldatu egingo zaio bizitza ulertzeko modua eta gizaseme on eta eskuzabala bihurtuko da.

Familiarteko saioak izango dira, beraz, urtarrilaren 3an eta 4an 12:00etan eta arratsaldeko 18:00etan egongo da ikusgai. Urtarrilaren 5ean, berriz, eguerdiko ordutegian egongo da bakarrik. 70 minutuko iraupena izango du opera txiki honek, eta 15 urtetik beherako haurrek 11 eurotan izango dute sarrera. Nagusientzako 16 euro izango dira.