Joan den abenduaren 22ko Osoko Bilkuran Euskaltzaindiaren hiztegian egin beharreko zuzenketak aurkeztu ziren, hain zuzen, azken urtean egindako hainbat zuzenketa- eta osatze-lan, bigarren argitalpenaren ondoren egindako berrikuspenaren ondorio izan direnak.
Asko eta asko izan dira hilabeteotan landutako gaiak, baina arreta berezia jarri zaio genero-berdintasunaren kontuari. Izan ere, lehenengo itzulitik zetozen sarrerak dira gehienak, eta gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu egin dira.
Horiek horrela, familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu dira hainbat definizio. Adibidez: aitaginarreba lehen “Senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat” definitzen zena, oraingo proposamenean “Ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat” gisa jaso da; edo errain, lehen “Semearen emaztea” zen, baina orain “Semearen edo alabaren emaztea” gisa jasotzea proposatu da, gizarte-ereduaren aldaketa hiztegira ekarrita.
Halako hainbat egokitzapen egin dira familia-loturen aldetik, baina, horiekin batera, dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketa-proposamenak. Esaterako, infanta “Erregearen alaba, erreginagaia ez dena” gisa zegoena, “Monarka baten alaba, erreginagaia ez dena” egitea proposatzen da orain.
Aldaketa hauek eta beste batzuek aztertu eta oharreztatu ditu Batzorde Ahaldunduak, eta horiek guztiak aurkeztu dira Osoko Bilkuran. Orain, hilabeteko epea dute euskaltzain osoek zerrenda horiei oharrak egiteko, eta, kontrakorik ez bada, proposamenak ontzat eman eta hiztegian aldatuko dira.