Hilabete bi baino gutxiago falta dira Zinegoak jaialdiaren 15. ediziorako, eta Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak aurtengo kartela aurkeztu du. Ane Pikaza euskal artista da egilea, eta bertan, emakume igerilari bi agertzen dira elkarri musukatzen, uraren azpian.
Irudi samurra da, eztia eta naif samarra, baina atzean mezu sakona gordetzen du: Zinegoak jaialdiak aurten emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari ikusgarritasuna emango dio.
Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek azaldu duen moduan, aurtengo kartelak gorputzen estereotipoen inposaketaz egin gura du berba. Irudi horren bidez, pertsona guztiek beren gorputzaz harro egoteko eskubidea dutela aldarrikatzen da: "Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desira ere oso anitza izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu".
Kartelaren egilea Ane Pikaza (Bilbo, 1984) ilustratzaile eta aktorea da. Pìkaza Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan diplomatua da EHUn, eta hainbat antzerki taldetan (Kabia, Xake edo Hika) eta telebista eta zinema produkziotan parte hartu du. Ilustratzaile lanetan, antzerki talde batzuen kartelak egin ditu (Marie de Jongh, adibidez), eta Kabia taldeko "Alicia después de Alicia" antzerki-komikiaren eszenak sortu ditu. Vetusta Morla taldearekin ere lan egin du, "Los rios de Alice" bideojokoaren irudiak sortuz, Madrilgo soinu bandarekin. Bizkaiko Foru Aldundiarekin indarkeria matxistaren kontrako azken kanpainan parte hartu du bere ilustrazio batekin, Azaroaren 25aren baitan.
Kartelaren ideia Zinegoaken aurreko edizio batean ikusitako dokumental batean oinarritzen da. "Aquaporko!" laburmetraiak benetako igeriketa talde baten istorioa kontatzen du. Emakumez osatutako kirol talde honek harrotasunez beren gorputzen aniztasuna aldarrikatzen du. Horrez gain, kartel honek 2015. edizioko kartelarekin bat egiten du. Urte horretan, Gorka Olmok egindako ilustrazio bat izan zen kartelaren protagonista nagusia.
Zinegoakeko taldea, beraz, jo eta su ari da lanean 15. edizioa prestatzen. Jaialdiak aste biko iraupenaren formatua errepikatuko du bigarren urtez (otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte), baina aurten, programazioaren elementu nagusiak lehenengo astean proiektatuko dira, hots, otsailaren 19tik 25era arte, Golem, Bilborock eta BilbaoArten. Bigarren astean, pelikulen bigarren paseak egingo dira (Bilborocken) eta bestelako jarduerak ere egongo dira.
Gainera, jaialdia "ofizialki" hasi baino lehen, programazioa hasiko da "3, 2, 1... Zinegoak" egitasmoaren baitan. Jarduera hauek beste elkarte batzuekin batera elkarlanean antolatzen dira, otsailaren 14tik 18ra arte izango dira, debalde, eta denetarik egongo da: proiekzio bereziak, topaketak, eta aurten, kontzertu berezi bat.
Bilbon jaialdia amaitu ostean, Zinegoak herriz herri ibiliko da Zinegoakeko Hedapenarekin. Iaz proiekzioak antolatu ziren 30 herritan, eta aurten 35 baino gehiago izatea da erronka.
Beraz, kontuan hartuta otsailean eta martxoan antolatuko diren jarduera guztiak, Zinegoak Euskal Herriko kultur ekitaldi luzeenetako bat bihurtu da.
Jaialdiko egoitza nagusiak, beste urte batez, Bilborock, BilbaoArte, Golem, BBK sala eta Guggenheim Museoko auditorioa izango dira, besteak beste. Horrez gain, Zinegoakek hainbat ezaugarri berri izango ditu, eta publikoak zinema ona, arte eszenikoak eta ikuskizun anitzak izango ditu eskura.
Zinegoak jaialdia, beraz, eraberrituta helduko da bere 15. ediziora. Lehenengo aldiz, Zinegoak Elkartea izango da jaialdia antolatuko duena, Hegoak Elkartea atzean utziz. Elkarteak egoitza berria estreinatuko du, Bilboko Cortes kaleko 1. zenbakian.
Egitaraua hurrengo asteetan jakinaraziko dute.