Euskaltzaleen Topaguneak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailarekin batera, berriro ere gazteentzako Harrapazank programa jarri du martxan. Aurtengoa hamahirugarren edizioa izango da. Bertan, euren talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteek egongo dira eta otsailaren 5era arteko epea dute www.harrapazank.eus orrian izena emateko. Horretarako, fitxa bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi behar dute.
Harrapazank programaren barruan hauek daude:
1- Distirazank, gazteek trebezia artistikoak erakusteko talentuen lehiaketa. Kategoria bi daude: Harrapazank Junior 8 eta 13 urte bitartekoentzat eta Harrapazank Senior 14 eta 18 urte bitartekoentzat.
Kategoria bietan kastina egingo da gazteek euren talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan. Hori egin aurretik, irakasle profesionalen laguntza izango dute entsegu trinkoetan euren gaitasunak hobetzeko. Kastina gainditzen dutenek masterclass batean parte hartuko dute eta finalera pasatuko dira. Kastina gainditu ez dutenek hobetzeko tailer batean parte hartuko dute.
Kastinaren ondoren, kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Talde horiek maiatzean egingo diren azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan. Gala horietan irabazleak aukeratuko dira eta 500 euroko bi sari banatuko dituzte kategoria eta gala bakoitzean.
2-Sortuzank eta Bilrobot tailerrak.
- Sortuzank tailerretan gazteek euren zaletasunetan eta sormenetan sakontzeko aukera dute. 9 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat da. Gaiak hauexek: graffiti, youtuber, argazkigintza, norberak arropa bere gustura moldatzea, makillajea eta kazetaritza.
- Bilrobot, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat: errobotikako tailerrak, bideo-jokoak, popping dantza –dantza errobotikoaren erako dantza-.
Programa hauetan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus web-orrian. Epea irekita dago otsailaren 5era arte. Tailerretako plazak mugatuta daude eta horiek esleitzeko eskari guztien artean zozketa bat egiten da. Zozketa otsailaren 6an izango da eta emaitza posta elektronikoz jakinaraziko zaie parte-hartzaile guztiei.
Gainera Harrapazank programaren jarraipena Youtubeko kanalaren bidez eta sare sozialetako Twitter, Facebook eta Instagram-eko profilen bidez egin ahalko da. Iaz Harrapazank programan guztira 700etik gora izan ziren parte hartu zuten gazteak eta izena eman zutenak 1340.
Distirazank talentuen lehiaketan 303 parte-hartzaile egon ziren. Sortuzank tailerretan 190 gazte eta Bilrobot tailerretan 180 gazte izan ziren iaz parte hartu zutenak. Harrapazank programak bigarren zati bat izan zuen udazkenean eta horretan programa berriak garatu ziren. Horrela bada, talentuen eskola duen Izarren Hautsan Bilboko 33 gaztek aukera izan zuten musika, dantza zein antzerkirako gaitasuna hobetzeko. Beste alde batetik, Klikazank ginkana birtuala egon zen teknologia berrien munduan euskaraz murgiltzeko.