uriola.eus

BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute

  Kultura-aisialdia  Bilbo

BBKren presidenteak, Xabier Sagredok, eta Bilboko alkate eta Bilboko Arte Ederren Museoaren Fundazioaren Patronatuaren presidenteak, Juan Mari Aburtok, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute. 

BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute
izenpearen argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurrekoa 2001ean sinatu zen, eta, horren bidez, BBK Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuan sartu zen. Akordioa Bilboko Arte Ederren Museoaren 110. urteurrenaren harira egin da; izan ere, 1908ko urriaren 5ean ireki zen Atxuriko Arte eta Lanbideen Eskola zaharrean. Urteurrenaren jarduera nagusia pinakotekaren eraikin zaharraren berriztatze museografikoa izango da, eta horren arduraduna Luis Mª Uriarte izango da, museoaren azken handitze-lanak zuzendu zituena. Horrenbestez, haritz-zurezko zorua jarriko da egungo harrizko zoladuraren gainean, eta eraikinean argi naturala sartzea ahalbidetuko da, arotzeria aldatuko delako. Gainera, hala badagokio, eraikina 1945ean ireki zenetik dauden argi-zuloak aldatuko dira. Lan horiek maiatzetik irailera bitartean egingo dira; horren eraginez, eraikina aldi baterako itxi beharko da, eta BBKren diru-ekarpenaren zati bat eraikinaren berriztatze-lanak finantzatzera bideratuko da. 

Erakusketen programa


Halaber, 110. urteurrenaren harira, erakusketen programaren helburu nagusia museoaren bilduma balioestea izango da, eta, horretarako, funtsezkoa izango da BBKren laguntza. 

Ildo horretan, berriztatze-lanek iraun bitartean, BBK aretoan eta 32. aretoaren zati batean egingo da 110 Maisulan izeneko erakusketa. Museoaren bildumaren 110 obra nabarmenetakoak egongo dira ikusgai, eta helburua, museoaren bildumaren kalitatea agerian jartzeaz gain, pinakotekaren historia aztertzea da, hasieratik gaur egunera arte. Erakusketak anbizio handiko muntaia izango du, eta, euskarri museografikoaren bidez, museoak tradizionalki artearen historiarekin eta hurbileko ingurune artistiko eta sozialarekin izan duen inbrikazioan sakondu ahalko da. 

Hori horrela, obrak amaitzen direnean, eraikin zaharra ABC Museoaren alfabetoa izeneko erakusketarekin inauguratuko da berriz; horrek Kirmen Uribe idazlearen laguntza izango du. Kronologiaren eta eskolen araberako ohiko muntaiaren ordez ordena alfabetikoari jarraituko zaio erakusketa honetan. Zehazki, eraikin zaharraren hogeita hamar aretoetako bakoitzak hitz batekin zerikusia duten obrak hartuko ditu. A letratik Z letrara, areto bakoitzari hitz bat egokituko zaio, gure inguruko hizkuntzetako batean: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez. 

Bestalde, urteurrenaren harira programatutako beste jarduera berezi bat Artearen Ibilbidea / La ruta del arte izeneko erakusketa ibiltaria izango da, museoaren kalitate handiko maisulanen erreprodukzioek osatutakoa. Erakusketa Bizkaiko hainbat herritara joango da, eta BBK-k diru-ekarpen gehigarria egingo du hori babesteko. Gainera, erakusketa ibiltari honek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango du. 

Erakusketa bakoitzari dagokion katalogoak lagunduko dio, eta erakusketaren programa osatuko duten jarduera didaktikoak ere egingo dira. 

 

BBK/Museoa Programa


BBK-k hamazazpi urtez eman duen babesari esker, BBK/Museoa Programa izenekoaren jardun-ildo hauek finkatu dira: aldi baterako erakusketak, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailaren jarduerak, ikerketarako bekak eta hitzaldi-zikloak. 

Hezkuntza-programak: Aurten ere, programa honen bidez, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) ekitaldi honetarako prestatu dituen jarduerekin jarraituko du Bilboko Arte Ederren Museoak. Jarduera horiek museoaren bilduma iraunkorrarekin eta aldi baterako erakusketekin lotuta daude. Zehazki, bilduma iraunkorrarekin lotutako jarduerak eskolako ikasleei zuzenduta daude, eta artelanen aurrean elkarrizketa eta gogoeta ahalbidetzeko tresnak dira, baita ikasleen gizarte-trebetasunak garatzeko eta ezagutza sortzeko ere. Bestalde, aldi baterako erakusketekin lotutako jarduerak helduei, adineko pertsonei, familiei eta gazteei zuzenduta daude. Ibilbideen sistemarekin lotutako jarduerak dira, eta irakasleak edo taldearen arduradunak gidatuko ditu ikasleak bisitaldian, horretarako diseinatutako material batzuetan oinarrituta, HKESko langileekin prestaketa-saio bat egin ondoren. 

Ikerketarako bekak: Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBKren arteko lankidetzaren ildoetako bat ikerketarako bekak dira. Ildo hori museoaren Artxibo Sailak zuzentzen du BBK/Museoa Programaren 
bidez, eta museoen esparruaren eta akademia- edo unibertsitate-esparruaren arteko lotura mantentzeko balio du. Beka hauen helburua pinakotekan ikusgai dauden artistei, obrei eta bildumei buruzko azterketak eta ikerketak egitea da. 2018-2019 aldirako 23 eskaera jaso dira guztira. 

Hitzaldi-zikloak: 2001. urtetik egiten dira, Prado Museoaren Lagunak Fundazioarekin lankidetzan. Jarduera honi esker, ikusleek gertutik ezagutu ditzakete Prado Museoaren bildumarekin eta historiarekin lotutako gaiak. 2018an, bihartik aurrera (urtarrilak 10), 6 hitzaldi egingo dira Bilboko Arte Ederren Museoan, La era de los genios. De Miguel Ángel a Arcimboldo izeneko zikloaren barruan. Lehenengo hitzaldiaren izena El nacimiento de los genios. Teoría artística manierista da, eta hizlaria Francisco Calvo Serraller izango da, Complutense Unibertsitateko Artearen Historiako katedraduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa