TAOko eta Euskalduna Jauregiko langileek grebarekin hasi zuten 2018a. Beraien lan baldintzak aldatzeko intentzioarekin grebara joatea adostu zuten. Euskalduna Jauregiko langileek enpresarekin akordio batera heltzea lortu dute. TAOko langileek, berriz, grebarekin jarraituko dute kaleratutako langileak onartu eta beraien lan baldintzak hobetu arte.
Euskalduna Jaurigiko langileek, berriz, gaua heldu arte luzatu zen bilera baten ostean beraien eskakizunak betetzen zituen akordio batera heldu dira. Negoziazio batean gertatzen den bezala, ez da langileek eskatutako guztia lortu, baina bi aldeak pozik agertu dira lortutakoarekin. Lau urteko iraunaldia izango du eta honek dira lortu dituzten aldaketak:
Soldatei dagokionez, kategoria baxuenak duintzen dira, eta gainontzeko kategoriatan igoera garrantzitsuak lortzen dira. Honek %20ko eta %45eko soldata igoera suposatzen du, kategoriaren arabera. Aldizkako langile finkoen orduaren prezioak, berriz, %27ko eta %38,25eko igoera edukiko du, kategoriaren arabera.
80 orduko lanaldiaren murrizketa lortu dute, eta bost asteburutik, biren librantza (lehen ez zuten bakar bat ere libratzen).
Behin-behineko langileak aldizkako langile finko bihurtzea (langileen %65). Lan poltsa antzinatasunaren eta esperientziaren arabera deitzen dela bermatzeko. Bajak %100ean (gaixotasun arrunta eta lan istripua).
Baimenetan eta plusetan hobekuntzak lortu dituzte, Gabonetan eta jai-egunetan. Antzinatasuna onartzen da (gehienek 15 urte daramatzate Eulen Euskaldunan) eta hirurtekoa %0,50 ordainduko da. Peoi kategoria desagertzen da eta Peoi Espezialista bihurtzen da.
TAO
Taoko langileen egoera bestelakoa da. Posturak oso aldenduta jarraitzen dute, eta grebarekin jarraituko dutela adierazi dute. Bilboko parkimetroak bateria gabe gelditu dira, eta beste akok matxurak eta pegatinak dituzte, eta ez dira erabilgarriak.
Greba honek, egunero, galerak sortzen ditu Udalean, baina kasu honetan postura neutral bat edukitzea adostu dute. Langileek, berriz, kaleratu zituzten lankideak onartu arte, eta beraien lan baldintzak hobetu arte greban jarraituko dutela adierazi dute. 10 egun pasa dira grebarekin hasi zutenetik, eta ez da adostasun bat gertu ikusten.