James Joyce idazlearen 'Dublindarrak' Arriaga Antzokian

uriola.eus 2018ko urt. 17a, 11:44
"Dublindarrak" laneko antzezleak

Arriaga Antzokiak urteko lehenengo antzerki estreinaldia jasoko du datorren astean. Dublindarrak da, James Joyceren Dubliners lan klasikoan oinarrituta dagoen lana. Literatura unibertsaleko kontakizun hoberenetakoa izan arren, antzerkirako oso moldaketa gutxi jaso ditu liburu horrek. 

Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak erronka hartu du bere gain, agertokietan ibilbide garrantzitsua duten zortzi euskal antzezlerekin: Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltrán, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo.

Dublindarrak, Joyceren jatorrizko lanaren moldaketa librea da, Garbi Losadak berak egindakoa Jose Antonio Vitoriarekin batera. Biek sinatzen dute, baita ere, ostiralean, urtarrilaren 26an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera gozatu ahal izango dugun antzerki proposamen honen eszenografiaren diseinua.

Aurreko bi egunetan, asteazkenean, urtarrilaren 24an, eta ostegunean, 25ean, bi funtzio eskainiko dira goizez, 11:00etan, ikasleei zuzendutakoak batez ere, baina ikus-entzule guztientzat irekitakoak, norbaitek ordutegi horretan joatea nahiago badu. Izan ere, xumea bezain sakona den, bizitzaren iragankortasunari, gaztetako maitasun galduari eta nostalgiak eta engainuak usteldutako bizitzei buruzko kontakizun zirraragarria taula gainean ikusteko aukera bikaina da.

Sinopsia

Jatorrizko kontaketa Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iristen dira. Morkan andereñoak musika irakasleak dira eta gau-jaiak kutsu musikazalea dauka. Giroa ezin hobea da. Kanpoan elurra ari du baina barrukaldean etxe-giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona arnasten dira.

Gonbidatuen artean Gabriel (anfitrioien iloba) eta bere emaztea Gretta daude. Guztiak afari eta gau-jai zoragarriaz disfrutatzen ari dira. Gaua bere bukaerara iritsi eta Gabriel eta Gretta alde egiteko puntuan daudenean, abesti bat entzuten da eta emaztea tristuraz betetzen da bat batean, gazte garaiko maitasun galdu bat gogora datorkiolako. Hildako batenganako maitasuna da, bere bizitza osatu duten beste gertakizun eta sentimendu guztiak baina indartsuagoa den maitasuna.

James Joyce-ri buruz

James Joyce (Dublin, 02/02/1882 – Zurich, 13/01/1941) Idazle irlandarra, mundu mailan ezaguna, XX. mendeko eragin handiko idazle bilakatu zen Ulysses (Ulises 1922) maisu‐lanarekin eta ondoren ere Finnegans Wake (1939) lan polemikoarekin. Dubliners (Dublindarrak-1914)istorio sorta ere aintzat hartua izan da eta baita A Portrait of the Artist as a Young Man (Artista nerabe baten erretratua-1916)eleberri autobiografikoa ere.

 Joyce modernismo anglosaxoia izeneko abangoardiako literatur korrontearen ordezkari nagusietako bat izan da, T. S. Eliot, Virginia Woolf, Ezra Pound edo Wallace Stevens‐ekin batera. Nahiz eta heldu‐aroaren zati nagusiena Irlandatik kanpo eman, idazle honen unibertso literarioa bere jaioterrian, Dublinen, sustraituta dago eta hiri honetan kokatzen ditu bere lanetako eszenatokiak, pertsonaiak eta kontakizunak. “Helburua nire herrialdeko historiaren moraltasunaren atal bat idaztea zen eta horretarako Dublin aukeratu nuen, paralisiaren zentroa iruditzen zitzaidalako”, adierazi zuen Dubliners lanaren egileak. Lan horrek metaforikoki hildakoen lurralde bezala erakusten digu Irlanda, non oroitzapenak egunerokotasuna baino biziago dauden eta hildakoek bizidunak menderatuta dauzkaten. Hildakoak ez dira hilik daudenak soilik, baita pasioz bizitzen jakin ez dutenak ere.

Obra mintzagai

Emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago, antzezlana mintzagai izango duen solasaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok. Arriaga Antzokiko foyerrean gauzatuko da eta 20 minutu iraungo du, ondoren eskenatoki gainean gertatuko denaren gosegarri gisa.