Egilearen hitzetan, “pertsonaiaren nobela” da Jenisjoplin. 80ko hamarkadan langile auzo batean jaiotzen den emakumearena hain zuzen ere. Nagore Vargas da bera, eta haurtzaroko baldintza makurrek identate irmoa eta konplexua eraitzera daramate Nagore. 80ko eta 90eko hamarkadan garaiko giro sozial eta politikoarekin kontaktu zuzenean sartzen denean, errebeldia une batean, hautsi egingo da, eta ordura arteko identitateak ez dio balioko. Estrategia berriekin aurrera egiten ikasiko du.
Liburu guztian badago alderaketa bat protagonistaren egoera eta garapenaren eta Euskal Herriko azken hiru hamarkadetako gertaeren artean. Uxue Alberdiren esanetan, bi bideek “bat egiten dute”.
Orriek aurrera egin ahala, herritik hirira jauzi egiten du protagonistak. Alberdik “ondoen” ezagutzen duen hirira, Bilbora. Idazleak gustuko du idazterakoan “espazioak menpean izatea”, ziurtasuna ematen diolako. Bilbon bizitakoa izaki, “Bilbotik asko du” eleberriak. “Liburu intentsoa, bizia, ekintzaz betea, aldi berean zikina da, ilunetik ere badaukana eta garai bateko Bilbok bat egiten du tonu horrekin”.
Jenisjoplin-ek izan duen erantzunarekin ezin du kexatu. Oso harrera ona izan du eta izaten ari da liburua. Oso pozik dago “jendeari gustatzen ari zaiolako”. Edozein lanetan %100na ematen saiatzen bada ere, kasu honetan %100na eman du “denbora luzean, egunero eta oso modu intentsoan; ordaina ere halakoxea izaten ari da”. Maitasun handia jarri du lanean eta maitasuna jasotzen ari da bueltan.
Bere lanik “osoena da” orain arte idatzi duen guztiaren aldean. Pertsonaia kopuru aldetik orain arteko handiena da nobela, gaitegi aldetik, espazio aldetik, sekula ez du hainbeste dialogatu eta hainbeste erregistro desberdin erabili. Asko gozatu du idazten, asko ikasi du, eta orain arteko bidean ikasitakoa aplikatzen saiatu da.
Egunotan deskantsuan ari da Uxue. Izan ere, nobelaren amaierari, promozioa eta Bertsolari Txapelketa Nagusia batu zaizkio. Hortaz, hustualdiaren ostean, orain “betetzea” dagokio, “bizitzea, irakurtzea…”. Ez du proiektu zehatzik esku artean, baina letrekin harreman jarraitua izan du beti, nahiz fase desberdinak izan. Hurrengo proiektua ez da urruti ibiliko.