Ekimen honen helburua hauxe da: ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz. Hamalaugarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: ipuin-kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak eta kontzertu didaktikoak, baita musikaterapia eta barreterapia-tailerrak ere. Aurten tailer berriak ere egongo dira, esate baterako, gozoki naturalena, modelajearena eta txiki-erritmoarena.
Aurten hauexek dira nobedadeak:
- Ikuskizun interaktiboak. Umeek parte hartzea nahitaezkoa da ikuskizunak burutzeko.
- Kontzertu didaktikoak. Bidaia interaktibo bat euskal musika-tresnak ezagutzeko zuzeneko musikaren, parte hartze bidezko jolasen eta azalpen interesgarrien bidez.
- Gozoki naturalen tailerrak. Etxean, etxekoekin gozoki naturalak egiten ikasiko dute umeek olgetan eta ikasiz. Ondo elikatzea azpimarratu egingo da.
- Modelaje-tailerra. Buztingorri polimerikoz egingo dituzte umeek sormen-lanak, gauza berriak familia barruan.
- Txiki-erritmoa. Erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dira sormena garatzeko, harremanak lantzeko eta adierazteko eta mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzeko.
- “Familian giroan, Euskeraz koloreztatu!” hitzaldi-tailerra Euskaraz ez dakiten familiei laguntzeko da. Helduak eta txikiak batera arituko dira, txikiek irakaslearen rola jokatuko dute eta helduei lagunduko diete euskara ikasten tailerretan.
Programa datorren zapatuan, urtarrilak 20, hasiko da eta apirilaren 20ra arte iraungo du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten 66 jarduera garatuko dira Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Deustuko, Santutxuko, Zorrotzako eta Olabeagako udaltegietan, Azkuna Zentroan, Indautxuko Karmen aretoan, Ibaialdeko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Zamakola, Iruarteta eta Epaltzaren Alarguna eskoletan.
Aurten leku berri 2 egongo dira: Olabeaga eta Azkuna Zentroa. Azken hau Abandoko barruti-udaltegiaren ordez jarri da, udaltegian obrak egiten ari direlako. Horrela uriko ia auzo guztietara helduko da programa. Eta horretarako urtez urte gero eta leku gehiagotan eskaintzen da.
Bilboko Udalak ahalegin handia egin du txikien artean oso harrera ona duen “Ikusi eta Ikasi” programari eusteko eta kalitatea hobetzeko. 14. edizioan programazio berezia egongo da. Guztira, 35 ikuskizun, 29 tailer eta gurasoentzako hitzaldi 2 egongo dira.
Azken egunean, apirilak 20, Go!azen ikuskizuna izango da eta bertan telebistako pertsonaia ezagun asko. Indautxuko Karmen aretoan izango da eta sarrera doakoa. Leku guztiak bete arte sartu ahalko da.
Tailerretan parte hartzeko aurretik izena eman behar da. Zozketa bat egingo da izena emandako guztien artean lekuak esleitzeko. Denek edukiko dute aukera berdina. Doako jarduketetara beste barik sartu ahalko dira interesatuak, leku guztiak bete arte. Hitzaldietan parte hartzeko, ordea, aldez aurretik izena eman behar da. Guraso zein interesdunek www.ikusietaikasi.eus webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dituzte; baita aholkuak, tresnak eta baliabideak jaso ere.
Tailer eta jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustu Bidarteko udaltegian zapatuetan antolatutakoak izan ezik. Hauek 11:00etan garatuko dira.
Iazko edizioan 6200 pertsonatik gora izan ziren parte-hartzaileak
Ikusi eta Ikasi programak 14 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian.
Iazko edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6214 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten.
Zehatzago, Begoñako Udaltegiak 750 pertsona batu zituen, Bilborockek 575, Deustu Bidarteko Udaltegiak 713, Errekaldeko Udaltegiak 905, Santutxuko udaltegiak 60, Zorrotzako udaltegiak 89, Tiboli eskolak 641, Zamakola eskolak 185, Castañoseko Udaltegiak 66, Abandoko Udaltegiak 206, Basurtuko Udaltegiak 339 eta, azkenik, Karmen aretoak 1515 pertsona batu zituen, hain zuzen ere.