Open House jaialdia irailean egingo da eta aurten Barakaldok parte hartuko du

uriola.eus 2018ko urt. 22a, 11:36

Bilbo

Open House Bilbao nazioarteko jaialdi arkitektoniko kulturala aurten ere izango dugu; hain zuzen, irailaren 22an eta 23an. Gainera, Bilboko metropolialdera hedatu nahi da. Horiek horrela, aurten Barakaldok bat egingo du ekimenarekin eta zenbait eraikin irekita egongo dira bertan.

Open House Bilbao jaialdiaren lehenengo edizioa ere irailean izan zen, iaz, eta oso arrakastatsua izan zen; izan ere, asteburu batean irekita egon ziren 47 eraikin publiko eta pribatuetan bisitariak 35.856 izan ziren. Jaialdia burutzeko parte hartu zuten boluntarioak 350etik gora izan ziren. Bisitariak doan sartu ziren jeneralean herritarrentzat itxita egon ohi diren 47 eraikinetara.

Jaialdi arkitektoniko kultural honen arrakasta ikusita, aurten ere Bilboko zenbait eraikin irekita egongo dira irailaren 22an eta 23an. House Worldwide sarearen barruan, gutxi gorabehera, 40 hiritan asteburu batean ospatzen den eta munduko arkitekturaren ekimenik handiena den jaialdi horretan parte hartuko du aurten ere Bilbok.

Open House Bilbao markaren jabetza duen OUT elkarteak antolatzen du eta ekimen honek Bilboko Udalaren babesa du. Erakusketaren bidez, Bilboko historia arkitektonikoa ezagutarazi gura izan da, hiru alditan banatuta: Bilbo komertziala, Bilbo industriala eta zerbitzuen eta kulturaren Bilbo eraberritua.

Aurten ere gure urian izango da Open House Bilbao jaialdia eta hobekuntzak izango ditu, herritarrei zerbitzu gehiago eta hobeak emateko. Eraikin berriak egongo dira ikusteko irekita aurten. Bildutako jendetza dela-eta ilarak egon ziren eraikin batzuetan. Aurten hobekuntzak egongo dira, ahal den neurrian, eraikinetara sartzeko ilarak ekiditeko.

2017KO OPEN HOUSE BILBAO DATUETAN

Lehen edizioan, uriaren erdialdean ez ezik, uriko 7 barrutitan ere irekita egon ziren 47 eraikin35.856 bisitari egon ziren eta 10.000 pertsonak “Open House Pasaportea” erabili zuten, baita bisitarako planoa eta gida ere, bisitatutako OPEN eraikinak bisitatu zituztela ziurtatuta geratzeko.

Izen-emandako 395 boluntariok laguntza eman zuten eta. Open House delakoaren sorreran egon zen muinari jarraituta, hiri guztietako bisiten gidariak ez dira profesionalak, ezpabere ze boluntarioak eta herritarrak dohainik sartzen dira heldu ahala.

Bisitari gehien izan zituzten eraikinak hauexek izan ziren: Iberdrola Dorrea (3804 bisitari), San Mames (2829 bisitari), Olabarri jauregia (1878 bisitari), Miribillako Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen Egoitza (1702 bisitari), Euskalduna jauregia (1676 bisitari), Montero etxea (1477) eta Arriaga antzokia (940).

Barruti guztietatik bisitari gehien izan zuena Ibaiondo izan zen, guztira 6862 bisita izan zituen 12 eraikin edo espaziotan. Horren ondoren bisitari gehien izan zuena Deustu izan zen, 5284 bisita eta 7 espaziorekin. Gero Basurtu-Zorrotza dator, 3 eraikin eta 4122 bisitarekin; Uribarri, 2862 bisita eta jendearentzat irekita egon ziren 4 espaziorekin; Abando 18 espazio eta 1616 bisitarekin; Errekalde 321 bisita eta eraikin birekin; eta, azkenik, Begoña eraikin bakarrarekin eta 244 bisitarekin.

Eraikin batzuk ikustera jende asko joan zenez gero, ahal izan zen lekuetan bisita-taldeetan parte-hartzaile kopurua handitu zen, talde bakoitzean pertsona gehiago sartzeko. Eraikin batzuetan bisita-txandak bikoiztu egin ziren, eraikinetako sarbideetan laguntzeko zeuden boluntarioek gidari jardun zutelarik.

Open House Bilbao erakusketak 10.000 pertsonatik gora erakarri zituen. Horiek Bilbokoak ez ezik, inguruko beste hiri eta probintzietakoak ere izan ziren. Eta OPENGRAM argazki-lehiaketari dagokionez, guztira, 1.653 argazki jaso ziren #OpenGramBilbao2017 eta #OpenHouseBilbao2017 etiketen bidez. Horietatik 16 hautatu zituzten finalistak izateko, eta irabazlearen izena aplikazio beraren bitartez eman zen ezagutzera: @ikermerino_ , Deustuko sifoira egindako bisitetan atera zuen argazki bati esker.