Aratusteak 2018

Aratusteetako kartel irabazlea aukeratu dute

uriola.eus 2018ko urt. 23a, 12:58

Patricia Juradoren kartela da gailendu dena 6 finalisten eta edizio honetan aurkeztutako 47 lanen artean. Otsailaren 8tik 13ra bitartean Bilboko kaleetan aratusteak ospatuko dira.

Una sardina muy atletica da 2018ko otsailaren 8tik 13ra bitartean ospatuko diren aratusteetako irudia; sei egun jai-giroan, adin guztietako publikoarentzat antolatutako jardueretan parte hartzeko.

Patricia Jurado Amador sevillarra da Udalak bultzatutako Bilboko aratusteetako kartelen lehiaketa irabazi duen irudiaren egilea. 2.000 euroko saria irabaziko duen lana 6 finalisten artean gailendu da herritarren botoen bidez. Boto horiek % 75eko pisua izan dute azken erabakian; epaimahaiarenak, berriz, gainerako % 25a.

Alde batetik, esan behar da handia izan dela herritarren partaidetza. Guztira, 8.963 boto eman dituzte Euskal Museora bartara joanda edota Bilboko Udalaren web orriaren eta hedabide laguntzaileenen bidez. Hauek izan dira hedabide horiek: EITB, TeleBilbao, El Correo, Deia, Gara, El Nervion, Onda Vasca, Radio Bilbao, Radio Nervion, Herri Irratia, Bizkaia Irratia, Onda Cero eta Bilbao Hiria.

Honako hauek dira edizio honetako epaimahaia osatu dutenak: Jaietako Batzordea eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotzia, Asier Abaunza eta Izaskun Guarrotxena zinegotziak, Galder Anton Bilboko Konpartsen ordezkaria, Maylin Vergara diseinatzailea, Eva Martinez Triangulo Publicidad agentziako aholkularia, pasaden urteko zaranbolas Jon de Miguel eta EH Bilduren Alba Fatuarte.

Aurten 47 lan aurkeztu dira, iazko antzeko kopurua. Proposamenak estatuko hainbat lekutatik iritsi dira: Gipuzkoa, Nafarroa, Castello, Bartzelona, Asturias, Leon, Andaluzia eta Madril. Hala ere, gehienak Bilbokoak izan dira.