Bilboko Udalak 2018rako kultur programazioa aurkeztu du. “Bilbo: Kultura-Planeta” izenburupean, Hiriko kultur jarduerako funtsezko edukiak biltzen ditu gidaliburu bakarrean, 120 ekimen baino gehiagorekin, kultura eta aisia jaialdi eta programa artean, Udaleko sailetatik edo udal erakunde edo sozietateetatik, antolatutakoak edo bultzatutakoak, Bilbao Ekintzatik, Arriaga Antzokitik, BilbaoMusikatik, BilbaoArtetik edo Azkuna Zentrotik, besteak beste.
Berrikuntza gisa, 2018ko agenda berriak, Bilboko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek sustatutako jarduera asko jasotzen ditu. Erakunde horien artean OLBE, Pabellón 6, La Fundición, BBK Aretoa, Euskalduna Jauregia edo Bilboko museoak daude, besteak beste. Helburua, herritarrei eta guregana bisitan datozenei, egunean egoteko eta Bilbok duen kultur eskaintza anitzetik eta bikainetik ezer ez galtzeko aukera ematea da.
Urteko agendak, milaka kultur jardueratan adarkatzen diren 120 jaialdi eta programa baino gehiago biltzen ditu –ikus-entzule guztientzat eta hiri osoan, barruti guztietara helduz–, gure Hiriko kultur egutegi osoa hartuz, hamabi hilabetez. Gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotzia bertan zela
“Bilbo: Kultura-Planeta” agendak antzerki, zine eta musika jaialdien, literatur sarien eta jardunaldien, arte eta ondarearen hedapen eta sustapen jardueren, sorkuntza ikastaroen eta tailerren… informazio nagusia biltzen du, kultura eta aisia bateratu eta bertako biztanleen eta turisten esku jarri nahi duen argitalpenean. Izan ere, ez dago urtean Bilboko Udalak nolabaiteko jarduerarik programatuta ez duen egunik, abangoardiakoetatik ikuskizun tradizionalenetara.
Agenda, unibertsoari keinu berezia egiten dioten gaikako bederatzi bloke handitan banatzen da. Lehenengoa, “arte eszenikoak: izar-euri bat izango da hiriko antzerki paisaian” izenekoa, hirian dauden espazio eszeniko publiko eta pribatuetan zentratzen da, eta baita Bilboren egutegi eszenikoa betetzen duten jaialdietan ere, eta sektorea bultzatzera, profesionalizatzera eta indartzera bideratutako lankidetza ekimenetarako, programetarako eta proiektuetarako lekua uzten du. Horien artean daude Pyrenart, Karrikan, Harrobia, Zirkozaurre edo Artistak Egoitzan programa.
Kulturaren zeruko espazio horren barruan, Hiriko museoei eskainitako atala irekiko da, “Museoak: ezerk ez du eklipsatzen Bilboko museoen eskaintza” izenburupean. Beste sekzio zabal bat ikusmen-arteei eskainita egongo da, “Ikusmen-arteak: arte hauen unibertso amaigabea, tradizionalenetatik egungoenetaraino”, eta bertan aipagarriak dira zenbait programa, “Amphytrion” (egoitza artistikoen programa), adibidez, kultura arloko zenbait erakunderen edo ekipamenduren jarduera eta eskaintza, BilbaoArte Fundazioarena, besteak beste, Bilbao Art Fashion moda lehiaketa, Arteshop, Bilbao Art District edo grabatuari eskainitako FIG Bilbao.
“Letrak eta ezagutza jendarteratzea: literatur- eta zientzia-unibertsoa esploratzen” letrei eskainitako atala da eta, ondorioz, hiriko literatur jaialdiak –BILBAOPOESIA, JA! edo Gutun Zuria–, liburu azokak, literatur lehiaketak eta liburutegi publiko sarearen eskaintza jasotzen ditu. Ikus-entzunezkoei, multimediari eta teknologia berriei buruzko atalari dagokien “Ikus-entzunezkoa, multimedia eta teknologia berriak: ezin konta ahala proiekzio Bilboko ortzian” atalean, genero guztietako zineari eskainitako ekipamenduak, programak eta jaialdiak jasotzen dira batez ere. Guztira, sektore horren kultura eta sorkuntza maila agerian uzten duten hogei ekimen baino gehiago dira, ZINEBIren eta FANTen protagonismo azpimarragarriarekin.
Agendaren seigarren atalak musikara hurbiltzen gaitu, “Musika: espazioraino igotzen diren notak”, izan ere, zinearen alorrean urtea hitzordu interesgarriz beteta badago, gauza bera gertatzen da musika egutegiarekin, genero guztiak hartzen dituzten jaialdiekin –Bilbao BBK Live, Bilbao Ars Sacrum, Musika Música, etab.– eta urte osoan zehar kontzertuak programatzen dituzten ekipamendu publiko eta pribatuekin, Bilborock, Zawp, Haceria Aretoa, Kafe Antzokia, Sociedad Filarmónica edo Bilbaína Jazz Club, besteak beste.
Gure ondareari eskainitako “Ondarea eta identitatea: gure identitateari zabaldutako espazioa” atalean, euren helburuen artean gure folklorea eta tradizioak eta Bilboko ondarea ezagutaraztea duten programa eta ekimen guztiak biltzen dira. Horrela, gure Hirian tradizio handia duten kultur programak daude, Dantza Plazetan, Udaberriko Bertso Saioak edo Bilbainada lehiaketa, beste proposamen batzuekin batera, Basque Fest edo Loraldia jaialdia, besteak beste.
Horrez gain, agendak atal bat gordetzen die Bilboko egutegiko jai herrikoiei, Gabonak, Inauteriak edo Aste Nagusia, “Jaiak eta aisia: argizagiak lerrokatu egingo dira hiritar ororen gozamenerako” izenburuarekin. Gidaren azken atala hurbileko kulturari eskaintzen zaio, “Hurbileko kultura: kulturaren lorratza Bilboko auzoetara iristen da”, barruti guztietara heltzen dena, Bilbo Barruti Eszenikoa, Bilbo Musika Barrutia, Kultura Kalez Kale edo Kultur Gabonak, besteak beste.
Urteko egun guztietan kulturaz gozatzeko oinarrizko informazioa jasotzen duen eskuliburua den arren, kasu guztietan ekitaldi bakoitza zein egunetan ospatzen den eta ekitaldi horiek non izango diren adierazten da.
10.000 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz, eta dohainik banatzen hasi dira, udaltegien, udal informazio bulegoen, liburutegien, elkarteen eta bestelako ekipamendu soziokultural batzuen bitartez. Horrez gain, Kultura Sailak argitaratzen duen hileroko agendara harpidetuta daudenek ere jasoko dute.